Kirola lantegi krudela dela honezkero ikasi duzu, Jon. Lehenago edo geroago —lesioak alde batera utzita, kirolari baten minbizia baitira— gazi-gozoak agertzen dira kirolariaren ibilbidean. Horra hor, beharbada, kirolak epikatik duen handitasuna.
Karga handiko igandea izan zen atzokoa kirolari dagokionez: aizkolariak goizetik Tolosan (Gipuzkoa); pilotariak arratsaldez Bilbon (Bizkaia); eta golflariak gauean Augustan (Georgia); zu bizi zaren Floridatik gertu samar.
Denetara iristeko nahikoa lanak. Jainkoa izan behar horretarako, edo Euskadi Irratiko Iñaki Elortza Txapas kazetaria. Gainerako hezur-haragizkook, irrati edo telebistaren ondoan izan behar gazi-gozoen berri izateko.
Aise irabazi zion 20 urte dituen Iker Vicente aizkolariak Arria V.ari. Ez dakit apustu honen berri izan duzun. 6.000 euro bana jarri zuten. Hiru hilabete prestatzen. Arria V.ak 40 urte ditu. Ezagutuko duzu seguruenik, EITBn agertzen da mendiko lasterketetan, atleta hutsa da azpeitiarra. Ordubete inguruan jo eta ke enborrak jardun eta bukatu zuten euren lana, 2.000 zaleren aurrean, 40 euro bana ordaindu zutenak. 80.000 euroko poltsa bilduko zuten. Diru partitzea egingo zuten.
Bi apaizen arteko berriketa etorri zait burura, demaren emaitzaren ostean. Batek, Arria V.ak, dio. “Elizan bota den dirutik, billeteak jaso ohi ditut lehenbizi. Txanponak Jaunari uzten dizkiot”.
Beste apaizak, Vicentek, horrela erantzuten dio: “Ba, nik ez. Nik kolekta guztia goraka botatzen dut eta Jaunari esaten: Hartu behar duzuna. Eta lurrera erortzen dena jasotzen dut niretzat”.
Lehendabiziko apustua omen zuen Vicentek, eta gustatu zaiola irakurri diot gaurko egunkari batean. Ez da harritzekoa. Kirolaren alde gozoa dastatu zuen Otsagabiko (Nafarroa) gazteak.
Badakit, Jon, ikusi zenuela eskuz jokatu zuten Binakako finala. Partidua eskasa benetan. Sakanatik haizeak ekarritako erauntsiak birrindu egin zituen arerioen defentsak. Aitortu behar dizut nire pronostikoak txiki-txiki eginda geratu zirela. Elezkano II.a eta Rezustarengan konfiantza izugarria baineukan. Ez horrenbeste Ezkurdia eta Zabaletarekin. Nire kontsolamendua da Jokin Etxanizek, Aspeko guruak, aurreko egunetan egindako adierazpenetan, ez zuela ere espero halako deskalabrurik.
Txapelketan zehar Rezustaren bilakaera ikusita —maldan behera gero eta okerrago jardun baitu— ekarri dit gogora nik Tampako (Florida) pilotalekuan; Miamikoen kontra jokatu nuen torneo bat. Hasi, ikaragarri ondo hasi ginen. Bost partidatara play-offa, bikote onenak eskuratzen zuen txapela. Lehenbizikoa ondo irabazi genuen; bigarrena berriz, Miamin, irabazten joan eta gero galdu egin genuen. Hirugarren neurketa etxean, Tampan, jokatu beharrekoa, aise galdu genuen. Bukaeran, hurbiltzen zait sasi-filosofoa zen Txasio II.a eta esaten dit. “Andaluziar zaldi baten irteera izan duzue; bukaera, aldiz, Mantxako asto batena!”
Zaldiez ari naizela, bete ipuin bat etorri zait gogora. Elezkano II.a eta Rezustaren ibilbidea ikusita txapelketan zehar. Hemen ere, apaizak protagonistak.
Zaldia erosi nahi du apaizak (Rezustak). Saltzaileak zaldiaren ohiturak argitzen dizkio: “Jainkoari eskerrak” esatean, arrapaladan, korrika bizian, abiatzen da, eta “Amen” esandakoan seko gelditzen da.
Hala, erosten du zaldi hori apezak (Rezustak). Eta abiatu da. Arrapaladan, (partidu guztiak irabaziz). Bat-batean ordea, (finalerdietan, 17 eta 21 atzetik joan ostean) konturatzen da amildegia daukala aurrean, baina hitzak ahaztu egin zaizkio eta erreguka hasten da. Otoitza amaitzean, esaten du “Amen” eta zaldia gelditu egiten zaio. (21 eta 22 irabaziz sailkatu ziren Elezkano II.a eta Rezusta).
Amildegiaren ertz-ertzean baina bizirik! Sailkatuta. Esker ona adierazteko unea, azken finean finalera iritsi baitira eta ailegatu da eguna. “Jainkoari eskerrak” ematen dizkio… Ondorena ezagutzen duzu…
Aste ona izan! Jon.