Bizitzearen zoriona

(Tampako pilotariak, Demetrio Mandiolaren elizkizunetan, 1960)

So you are a jai-alai player..? irribarretsu. Edadekoa zen gizona. Piszinaren ondoan bizi zen, ikusia baneukan gurditxoan bere apartamentutik irteten. Guk, bazkaldu aurretik, ordubete edo ematen genuen piszinan, baino bat hartu, karramarroen moduan eguzkitan egon; ez gehiegi; izan ere, Floridan, udaberrian, bero sapa egiten baitu, eta ez da komenigarria kirolari batentzat eguzkitan egotea, nerbioa jan egiten dizu, erabat ahulduz.

Artean, 1977an, hogeitabat urte nik. Hura bizimodua, gurea. Paradisua esistitzen bada, gertutik ezagutu genuen bizi ginen dolce vita kontutan hartuta. Goizean nahikoa lo egin, ondoren, gosaldu, erosketak egin astean bitan; hondartzara batzuetan; bestela, bainujantzia eta toaila eta piszinara. Gero etorriko ziren bazkaria, siesta eta frontoira joateko ordua. Pilotalekuko lanak bukatu ostean, gauero, klub batera edo bestera, zerbeza batzuk hartu eta, neskaren bat egokitzen bazen: a zer mundu zoragarria. Bizitzearen zoriona, hain justu.

Hasiera batean, agureak ez zigun kasorik egiten; ezta guk ere berari. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, elkar agurtzen hasi ginen. Hi (kaixo) lehor bat. Bera itzalean egoten zen elbarrituaren gurdian eserita, apartamentuko atarian, piszinatik metro gutxitara. Behin, zerbeza bana eskaini zigun, baita ere guk onartu. Bakarrik bizi zela, Koreako gerran borrokan ibilia, zangoak galdu eta, geroztik, pentsioa kobratzen zuenez, veteran gisa, lanarik egin gabe zeramatzan armada utziez geroztik.

Marihuana erretzen zuen, sendagileek aginduta. Gerrako zauriek sortutako oinazeak medio, kalamua zela erremedio onena, esan zidan behin, konfiantza hartzen hasi ginenean. Tarteka marihuana zigarroren bat eskaintzen zidan. «Kalitate handiko pot duk hau, gobernuaren bitartez lortua».

Ezetz ez esateagatik onartzen nion, nik ez banuen erretzen, erreko zuten Sebastianek edo Joakinek, nirekin bizi zirenak. Haiek ni baino zaleagoak baitziren ke asuntoetan.

George zuen izena agureak, musika zale amorratua, big band orkestrak zituen gogoko: Glen Miller, Tommy Dorsey edo, Benny Goodman-enak… Bi bafle handi jartzen zituen ate ondoan eta Ameriketako big band ospetsuen berri ikasi genuen Georgeri esker. Dantzari amorratua omen gerrara joan aurretik. Depresio urteetan, 1920. hamarkadan, langabezian, gorriak ikusi omen zituen. Ba omen ziren dantza lehiaketak, maratoi baten antzekoak, orduak eta orduak pistan, apenas atsedenik hartu gabe. Dantzariak, bikotekideak lehertzeraino, biko bakarra geratu bitartean: haientzat saria. Behin, hogei ordu segidan eman zituela dantzan, Cathy andregaiarekin, lehertuta bukatu zutela, bost bikoteek pistan jarraitzen zuten bitartean dantzan. Oh, boy, that was insane, esan zidan.

Eguerdi batean, biok bakarrik ginen, Sebastian eta Joakin apartamentuan geratu ziren. Zerbeza bana edaten ari ginela –Benny Goodmanek klarineteari gogor ekiten zion bitartean– Georgek esan zidan.

«Juan, zerbait esan nahi diat», aurpegia serio zuen. «Banuen iloba kutuna… hogei urte zituen Theresak. Jai-alai player batekin ateratzen hasi zen. Izena ez naiz gogoratzen, abizena bai: Mandiola»… Ez zen gai izan hizketan jarraitzeko, malkoren bat irristan sumatu nuen masailetan behera. Utzi nion lasaitzen, arnasa berreskuratzen.

Georgek berrekin zioen istorioari. Abendua omen zen, Tampan (Florida) neguak samurrak izan arren, badira egun batzuk hotzak, gauak batik-bat, ipar-ekialdeko haize-leiaren ondorioz.

Demetriok eta Theresak planak egin zituzten drive-in zinema batera joateko. Frontoitik gertu zegoen lur-sail handi batean zinea eskaintzen zuten, pantaila erraldoi batean, autoak lerroan, bezeroek barrutik jarraitzen zuten filma.

Gau hartan ohikoa den baino otza handiagoa, nonbait, motorra martxan zuten. Haize beroa zetorren autoaren erraietatik, gozo-gozo sentituko ziren biak. Autoa baino, modelo zaharra, 40. hamarkadan ekoiztutako Buick-a. Apurka-apurka, betirako loak hartu zituen biak; inoiz ez esnatzeko.

Poliziaren txostenaren arabera, karbono-monoxidoaren eraginez hil ziren Theresa eta Demetrio Mandiola, gaueko hamabiak aldean. Besarkatuta aurkitu zituzten. Filmaren titulua eta dena agertzen zen informean: Bizitzearen zoriona.

P.D.

Demetrio Mandiola Solozabal, Ubei, aurrelaria. Etxebarrian (Bizkaia) jaioa, 1930.ko abenduaren 22an. Palma de Mallorcan jokatu zuen, 1951tik 1954a arte. Baita Zaragozan eta Barzelonan; 1958an Madrilgo Recoletos frontoian. 1958-1959 eta 1959-1960an, Tampan (Florida). Istripuz hil zen 1960an, Tampan.

(Miguel Angel Bilbao: Cesta Punta, Los profesionales de la especialidad, liburutik aterata).

Deja un comentario