«Bizkaia» maite, lehengoan bisitatu nuen. Pilotarien Batzarraren urteroko festa Bilbon ospatzen genuela, goizetik bertan ginen: Bizkaia pilotalekuan. Ederra eraikina, bikainak instalazioak, pilotan egiteko eta ikusteko, aitzakiarik gabe. Esku-huska edo paletaz, pala motzez aritzeko egina. «El Deseado»?
Jende mordoska ginen kantxa barrutik naiz harmailetatik eraikina aztertzen, komentariok egiten. Nire artean, honako hau etortzen zitzaidan gogora. Nola liteke halako eraikina, hainbeste diru gastatu edo inbertitu eta gero, herramientarako baliagarria ez izatea.
Gure artean, Alberto Cortina zen. Garai batean Espainiako Pilota Federazioko presidentea izandakoa. «Bilbon, halako frontoi bati, «El Deseado» deitzen genien». Bilbok, nonbait, beti izan duela helburu gisa frontoi motza, eskuz aritzeko pilotalekua. Azkenean lortu dutela, begi bistakoa da. Ederra gainera.
Duela 50 edo 40, ulertzen dut «El Deseado» helburu izatea. Esku-huska soilik aritzeko, monopraktikoa. Geroztik ordea, pilotalekuen probetxua beste bide batetik joan behar zuela, iruditzen zait. Polibalenteagoak, gutxienez, herramintaz naiz eskuz jokatzeko; aldi berean, moda desfileak, kantaldiak, mitinak edo… Lekua beharko lukete. Teknolojia, baliabideak daude egun mirariak egiteko, itxuraz aldatzeko. Ez dute horrela jokatu gure politikoek. Alderantziz. Pilotalekua moldatu ordez joko molde desberdinei; modalitateak egokiarazten saiatzen ari dira.
Festa barruan, pala partidua jokatu zuten lau palista profesionalek. Pala (luzea, pala motza…?) nik ez dakit, ez dut ulertzen horrenbeste. Nik beti lotu izan dut pala Euskalduna, Recoletos, Principal Palacio, Balda edo Bilboko Deportivo. Orain ordea, «Bizkaian» ari dira jokatzen, Bilboko Miribilla auzo ederrean. Halakorik!
Pelota motelekin jokatu zuten, ezin bestela. Peloteo luzeak, tiki-taka ugari. Claudio Beitiarentzat han ez zen lekurik. Ikusteko dibertigarria; jokatzeko ere, hala ematen zuen. Halako batean, aurrelari bati pala apurtu, errebotera korrika abiatu, han ordezko tresna eskuan hartu, eta berriro peloteoan jarraitu zuen. Hamaika ikusteko jaioak gara. Aldamenean, harmailan, Pampi Ladutxe nuen, esku-huskako pilotari ohia, txapeldun haundia. Dibertitzen ari zen lau palisten jokoarekin. «Pampi», esan nion. «Hau palara, golfean «pitch&putt» bezala da. Edo futbolari, futbol aretoan (fultbito) aritzea. Farrez, buruarekin baietz, erantzun zidan. Oinarria bera; esijentzia bestelakoa. Suzedaneoa, edo gordinago esanda kirolaren jibarizazioa. Badakizue zer egiten zuten jibaroek, burua moztu eta gero txikitu. Hau da, hain justu, egiten ari direna palarekin. «El Deseado»-rekin egin dutena. Politikariek edo teknikariek, batzutan behinik behin, buruan helburu dute jibarizazioa. Zumaian guztiz alderantziz jokatu dute, kantxa luzea eraiki dute. Aste hontan inauguratuko dute. Esku-huska lehendabizi, puntistak ondoren, jaialdi berean.
Okerrena, «El Deseado-n» jakin nuena. Aurtengo buruz-buruko Zestapunta Txapelketa bertan jokatuko dutela, «Bizkaian», partidu guztiak. Gai hau, ordea, beste baterako utziko det.