Gutxi ezaguna da Antonio Zavala eta Txirrita bertsolaria La Habanara (Cuba) joan zirela repentisten bila, hango bertsolariak ezagutzera, alegia. Bero zakarra egiten zuela eta, Txirrita ostatuan gelditzen zen, aire-egokituaren freskuran, mahai baten bueltan eserita, lasai antxean. Bitartean, Antonio Zavala egun-pasa ibiltzen zen repentisten atzetik, libreta esku batean, magnetofoia bestean. Cubako bertsolarien ahotsak jasoz; gero, Euskal Herrian bueltan, Auspoa izeneko bilduman jaso ahal izateko.
Ostatuak «Toki-Ona» zuen izena, nagusia Martin Odriozola anoetarra, urte batzuk lehenago pelotan ibilia, El Palacio de los Gritos pilotalekuan, hain justu. Bihotzeko gaitz bat zuela eta, jai-alaia ustera behartu zuten sendagileek. Geroztik, Toki-Ona negozioa berak eramaten zuen. Lo-gelak eta jatetxea zuela, azken honek sekulako ospea hartu zuen La Habanan, jendez gainezka egoten zen ordu guztietan, frontoiatik gertu egoteak ere mesede egiten zion ostatuari, partiduak bukatuta eta gero, bertan biltzen baiziren zaletuak. Pilotari batzuk Toki-Onan jan eta lo egiten zuten, askotan agertzen ziren ostatuan fraile frantziskotar euskaldunak, Artsuaga, Etxeberria etabar.
Behin batean, Txirrita, bakar-bakarrik mahai batean afari-merienda egiten ari zen, kaxuelkada bat tripaki eta botilla bat ardo bere aurrean zituela. Eta nola ortzik ez zeuzkan eta tripakiak ere zail xamarrak zeuden, ahoan ibili eta mahaipera botatzen zituen. Han bazebilen txakur txuri txiki bat eta harentzat ez zetozen gaizki. Hontan sartzen dira ostatuan Gabino izena zuen goiherritar bat eta Pello andoaindarra, bertsozale amorratuak; biak Cubara joanak turismo sexuala egitera eta, Pellok esaten dio Gabinori: «Bertso bat botako niokek bai oraintxen Txirritari»!
«Bota akiok ba, motel»! «Lotsatu egiten nak! «Hi lotsatu egiten bahaiz, neronek botako zioat ba»! Halaxen, aulki bat hartuta, jarri zen Gabino Txirritaren mahai hartan, eta esan dio: «Jainkoak gabon dizula, Txirrita. On egin dizula»!
«Igualmente gazte; eskerrik asko». Eta hontan hasten da kantari Rufino:
«Ederki kosta zaizu, Txirrita/ kaxuelka hori jatia/ tripaki-puxka pranko badezu/ mahai-pe hontara botia./ Txakur honek gaur zure kontura/ egin duen banketia!/ Honentzat ez da gaizki etorri/ zuk ortzik ez izatia».
Hori aditu zuenean, bultza zion Txirritak kaxuelari –ordurako gehiena hustuta zeukan–, trago bat edan eta berehala hasi zen, hala kantatuz:
«Txakur txar honek antzeman dit/ nik ortzik ez daukatena/ berehalaxen bilatutzen du/ neri sobratzen zaitena/ kaxuelka bat tripaki banun/ ta berak jan gehiena/ gero kontua pagatzeko ni/ horrek ematen dit pena».
Geroztik ez ziren isildu bertsoak kantzatzen, ordu-txikiak arte. Elkartu ziren pelotariak, fraile frantsiskotarrak, baita makina jende harriduraz entzuten zituenak euskaldunen kanta moduko haiek. Gehien gozatzen ari zena, ordea, Martin Odriozola zen, ostatuko jabea, bertsozale amorratua. Zeru txiki baten antza ematen zion Martinek ostatuari gau hartan. Bazirudien aingeru-talde bat ari zela kantari, triste zeudenak –Euskal Herritik kanpo– alaitu nahiean. Izan ere, horrelako egunak izaten baitira Euskal Herrian, batez ere euskal ohitura onak maite dutenentzat.
Beste behin, Antonio Zavala jesuita joana zen goizean goiz Sierra de Escambray aldera, han bizi omen zirelako «repentista» ikaragarri onak eta, haiei ere grabatu behar zirelakoan magnetofoian, ilunabarra arte ez zela itzuliko esan zion Txirritari. «Lasai hartu, Joxe Manuel, bueltakoan afari lege on bat egingo degu eta», despeditu zen esanez, Antonio Zavala tolosarra.
Baita hitza bete Txirritak, eguna eman zuen mahai-bueltan eserita, goizen hamaiketakoa, eguerdi partean bazkaria. Siesta ederra egin eta, merienda. Bertsoak bota eta bota, fraileak inguruan zituela, baita pelotariak edo Martin Odriozola; hustu ezin zen ganbara zen Txirritarena. La Habanan emandako asteak ez zuen ezta behin kalea zapaldu; ez bazen etorri zenean edo alde egin behar zuenean baforea hartzeko.
Ilunabar hartan izan zen –Txirrita aita Zavalaren zai zegoela– istiluak gertatu zirenean. Txirrita bertso kantari ari zen, isildu gabe, mendiko iturriko ur gardena zen haren jarioa. Agure bat zegoen, Txirrita zegoen lekutik beste punta batean, mostradorearen kontra jarrita, esku batean lapitza, libreta batean apunteak hartzen. Planta ederreko gizona zen, ile urdina, bizarra txuri-txuria. Urduri zirudien, jenio txarrean. Ordu arte kamareroarekin hizketan jardun zen gazte bat hurbildu zitzaion agureari, esanez. «Hello, Mister Hemingway, I´m a basque writer»… Jiratu zen bizar-txuria eta ezer esan gabe, sekulako matrailekoa eman zion euskaldun idazle gazteari. Isil-isilik aldendu zen gazte euskalduna, lehengo tokira, utzitako zerbezari heldu zion berriro.
Orduntxe sartu zen ostatuan aita Zavala jesuita tolosarra, pozik zirudien, haurpegia nekatu xamarra euki arren. «Gaur bai, Joxe Manuel, gaur bai. Grabazio ederrak gaurkoak, badituk hemen Cuban bertsolari iaioak, alajaina! Dozenerdi liburu osatzeko adina, Auspoan». Eseri bezain pronto, piztu zuen magnetofoia. «Entzun Txirrita, entzun»…
¡»That´s bull shit»! entzuten da, beste izkina batetik dator ahotsa, Hemingwayrena da. Zavalak eta Txirritak ez dute ulertu bizar-zuriaren esan nahia. Barran dagoen gazte euskalduna arduratzen da itzulpena egiten. «Kaka zaharra dela esaten du horrek». Kolorea aldatu zitzaion Antonio Zavalari, zurbil-zurbil jarri arte. «Aditu al dek Joxe Manuel», horko horrek esandakoa. Kaka zahar bat direla bertso hauek… ezin diat sinistu.
Gizon paketsua zen berez Antonio Zavala jesuita. Momentu hartan baino, berotu zen, gogotik gainera. Esaiok harro-putz horri –idazle gazte euskaldunari zuzenduta– repentisten bertsoak herriarenak direla, herrititik sortuta herriarentzat –Txirritak bertsoei ekin zien berriro; Hemingway, haserre bizian ezin burutu asmatzen ari zen ipuina.
«Mira al pobre diablo peleandose con las cuartillas siguiendo al pensamiento lógico, racional propio de la cultura occidental empeñada en su capacidad de inquirir, de indagar las causas y los efectos de los fenomenos externos para intervenir y dirigir las fuerzas de la naturaleza en una dirección determinada»… Antonio Zavala berotzen zenean erderaz hasten zen azalpenak ematen, ez zuen hutsunerik nahi, gauzak garbi utzi nahi zituelako… «En la literatura oral popular no rige o rige muy atenuada esta ley. Hay en nuestras coplas tal desorden lógico de conceptos, que aquéllas no parecen obra de razón. Y es que en rigor, no lo son: sino más bien de la imaginación».
Aita Zavala murgilduta zegoenean bakarrizketan, Txirrita bertsotan segitzen zuen, pelikuletan musikak jokatzen duen paper berbera eginez. Bidaide ziren biak euren mundua azaltzerakoan, iragan minez agertzen da Zavala, Txirrita seinalatuz: «Esta gente era una necesidad para muchos. Con lo que ellos expresaban se creaba la mentalidad de las gentes, lo mismo que el hombre culto forma la suya con el sedimento de la lectura de los libros. En nuestros caseríos, los nombres de Xenpelar, Pedro María Otaño, Txirrita, sonaban igual que en otros ámbitos los autores de fama mundial. Lo que el magisterio de éstos es para el hombre culto, venía a ser para nuestro pueblo el de los bertsolaris, a quienes tomaba, no sólo como maestros, sino casi también como a profetas. Así fue durante generaciones… Kaka-zaharra, bertsolariak, e? Neti, neti» (ez da horrela), zioen buruarekin, 50 urte paseak bertsoak biltzen aritutako gizona.
Derrepente sartu zen ostatuan kuadrilla haundi bat, sekulako zalaparta atereaz. Guillermo, Chucho Larrañaga, Egurbide, Orbea I, Anjelito Ugarte… beste pelotari batzuekin. Beraiekin zetozten, Babe Ruth, Joe Dimaggio, Errol Flynn, Ava Gadner, Esther Williams, Cantinflas ere tartekoa zen, baita Agustin Lara… Frontoitikan zetozten. Txirrita, bien bitartean, bertsoak kantatzen jarraitu zuen, jaramonik egin gabe etorri berriei. Hemingwayk laster utzi zuen libreta eta lapitza, aldatu zitazion haurpegia eta high-ball bat eskatu zion kamareroari. Gabino goiherritarra eta Pello andoaindarra, bi mulatekin eserita zeuden mahai baten bueltan, adi-adi entzunez Txirritan bertsoak. Aita Zavalak deskafeinatu bat eskatu zion kamareroari. Martin Odriozola, ostatuko jabea, pozez txoratzen, mahaiak atontzen hasi zen.
Festa egunsentira arte iraundu omen zuen. Denak besotik hartuta bukatu omen zuten kantari Txirritaren mahai inguruan, Xabier Leteren habanera bat abestuz. Gogoangarria gau hartakoa.