Parkean bildu ginen. 35 bat lagun. Lankideak. Animoak bero-bero eginda zeuden. Egun hartatik ezin zuen pasa. «Egurra enpresari», lelo nagusia. Bilerak ez zuen asko iraundu. Erabakia jada hartuta zegoen. Autoetan sartu ginen. Ordu laurden bat autopistaz frontoira iristeko. Harro-harro geunden. Klaxonak joaz aurrera egin zuen 20 bat autoz osatutako karabanak. Beste autoetako gidariek begira. I-95 autopista utzi eta East Main Streetik barrena abiatu ginen. Ohiko bidea baino. Egun berezia. Egun hura historikoa bilakatuko genuen. Horixe baietz. Kossuth kalean aparkatu genituen autoak. Animoak gainezka. Batek trikitia jotzen hasi zen. Kantari batzuk. «Gora Euskadi»… ohiuak. Tropela. Talde buruak isilik egoteko agindu zuen. «Ze arraio da hau», ahopean. Ez zen bakarra izan. Harridura. Nahasmena. Sinestu ezina.
Burdin-sarea. Begi guztiak orubeari begira. Porlanazko lakuan metro erdiko belartxar batzuk sakabanatuta. «Dedios», batek. «Ze letxe pasatu da hemen», besteak. Gora-behera espaloian zehar. «Hau da lekua, ba». «Hemen, bai, hemen…»
Pilotalekua ez zen inon ageri. Jai-Alaia lurrak irentsia zuen.
Autoetara igo ginen. Kossuth kalea atzean utzi. East Main Street barrena. I-95 autopista hartu genuen. Iparralderantz auto karabana. Klasonak joaz. Trikiti soinuak. «Gora Euskadi». «Egurra enpresari».