Donostia, 2018ko martxoak 26.
Kaixo Jon. Doi-doi baretu zaizkit bihotz taupadak. Gasteizko (Araba) Ogeta pilota-lekuan partida bukatu berria. Tanto baten aldearekin irabazi dute Elezkano II.ak eta Rezustak, markagailuan 18 eta 21 atzetik joan eta gero. Irabazi beharra zuten, galduz gero finaletik kanpo geratzen zirelako. Bukaera emozioz gainezkakoa izan da, asko baitzegoen jokoan. Altuna II.ak eta Martijak irabazi bazuten Olaizola II.a eta Imaz izango ziren finalean. Atera kontuak. Tanto bakar batek zer suposatzen zuen.
Seguru nago Maria Luisak ere nerbioetatik bukatu duela. Altunaren zalea baita. Oro har, gaurko eguna bete-betea izan da Maria Luisa Orbegozorentzat. Goizean, Eibarko Astelena pilota-lekuan botillero lanetan aritu da; eta arratsaldean, astebururo bezala, telebistaren aurrean pilota partida ikusteko prest, ogitartekoa eta baso-erdi bat ardo aurrean dituela.
Baina zein da delako Maria Luisa hau, galdetzen ariko zara honezkero. Bada, esango dizut. 81 urte ditu eta esan liteke bere bizi guztia pilotarekin lotuta eman duela, Azpeitiko Elosiaga auzoan jaiotako emakume honek.
Aitona eskuzko pilotaria zuen. Senarra, Iñazio, ospe handiko Txikuri eskuzko pilotaria. Bi semeak, Aitor eta Jagoba, pilotariak baita ere. Lehena, erremontean aritutakoa, profesionaletan. Bigarrena, Jagoba, palaz lehendabizi, zesta-puntaz gero, Bartzelonan eta Hartforden (USA) aritutakoa. Azken hau, Jon, ezagutzen duzu, nire laguna baita. Koinatuak, Iñazioren anaiak, puntistak izandako Pedro eta Santi, Mexikon bizi direnak. Bai, honezkero jabetu zara nortaz ari naizen: Txikuritar pilotarien sagaz oparoaz: eskuz, palaz, erremonte eta zesta-puntaz jokatu duten pilotariez.
Maria Luisa Orbegozok 33 urte eman zituen Donostiako Anoeta auzoan zegoen trinketean, kantxero lanetan. Jagoba bertan jaio omen zen, geneak pilotariarenak bazituen, inguruak lagunduko zioten. Pilota burukoaren azpian gordeta lo egiten omen zuen Jagobak. Bi umeak eskolan zirela, Maria Luisa squashen jokatzen aritzen zen…
Kontu ugari esan zizkion lehengo batean Maria Luisak Iñaki Elorza kazetariari, Euskadi Irratiko Katedra saioan. Bitxi da, Jon. Maria Luisa bizi guztia pilotarekin harremanetan, eta zer dela eta, orain dela gutxi bere iloba Oihana Orbegozok, Emakumeen Master Cupen eskuz jokatzen ari denak, botillero lanak egiteko eskatu zion. Maria Luisa, lehenengo harrituta, lotsatuta gero. Semeek animatu zuten. Jagobak esan omen zion: “aitak zenak ikusiko bazintu”… Ameriketatik ere animatu omen zion koinata batek. “Har ezazu orujo kopatxo bat kantxara irten aurretik”… Izan ere, garai bateko kontuak dira, botilleroek pattar kopatxo bat izaten zutela aldamenean, behar izanez gero.
Gasteizko gaurko partidan ez dira botilleroak izan, pilotariak enpresa berekoak zirelako. Bestela Elezkanok beharko zuen pattar pixka bat kantxara atera aurretik. Amaieran egindako adierazpenetan aitortu duenez, zeharo lotuta atera da.
Maria Luisak pilota maite du. Baita jarraitu ere. Larunbatero eta igandero, baso-erdi bat eta ogitartekoa aurrean, eroso jartzen da telebistaren aurrean. Irujoren zale sutsua da Maria Luisa. Tantua galdu arren eta berebizikoak esan ostean, berriro ekiten zion jokoari Irujok; amorrazioz. Horixe gustatzen zitzaion Maria Luisari.
Horixe aholkatzen dio Maria Luisak Oihanari ilobari. Ez etortzeko behera. Tantua galdu arren, amorrazioz berrekiteko jokoari; Irujok egiten zuen bezala.
Promoziozko finala jokatu du gaur Oihana Orbegozok Alaitz Badiolarekin, Eibarko Astelena pilota-lekuan. Tanto gutxi batzuk ikusteko aukera izan dut. Harmailak gainezka, sekulako giroa. Iruditu zait Maria Luisaren irudia ikustea kontrakantxan, kolore biziak soinean.
22 eta 20 galdu dute 81 urteko botilleroaren neskek. Gutxiena da. Pilotak irabazi du, emakumearen pilotak. Hamaika ikusteko jaioak gara eta Maria Luisaren senideek gauza bera pentsatuko zuten. Mexikon eta Euskal Herrian. Txikuritarren saga luzea eta oparoa baita.
Aste on!