Kaixo Jon. Facetime egin genuenean hastear zen Iruñatik eskuzko pilota partida, Labrit pilotalekutik hain zuzen. Larunbatero gertatzen den bezala Iruñan, harmailak lepo. Gaurkoan askok mozorratuta daude, inauteritan baitgaude. Frontoietan gizonezkoak izaten dira nagusi, ile urdineko profilekoak, baina Labriten gazte ugari eta emakumeak ere dezente ikusten dira. Badirudi modan jarri dela Labritera joatea larunbatetan, despedidak direla eta, edo auskalo zer ospakizunak.
Ematen du —niri ere gertatzen zait—, azalpenen bat aurkitu behar dugula ea zergatik joaten den jendea frontoira, arraroa, bitxikeria balitz bezala. Labriten, kuadrillak despedidak ospatzen, festa giroan. Iparraldean, Miarritzen eta Donibane Lohizunen, Paristik etorritako turista jendea, turismo identatitarioaz liluratuta. Gernikan, udaran, Jai Alaia jendez gainezka, gazte jendea batik bat, musika, zurruta eta jai-alai uztarturik.
NBAko saskibaloi partidetara zer motatako publikoa hurbiltzen ote da, galdetu dezakegu. Seguruenik, denetatik. Ikuskizunaren bila. Entretenitu eta ondo pasatu. Horra hor amankomunean duten ezaugarria.
Arrazoi duzu Jon. Esku-pilotako enpresak asmatu egin dute bi-bitako txapelketarekin. Ligaxka jokatzen dute, aldez aurretik, astero, badakizkigu ze partidak jokatuko diren. Asmatu dute baita ere, bikoteak osatzerakoan, nahiko berdinduta daudela begi-bistakoa da. Ia-ia edozein finalerdietan sartzeko modukoak.
Bikoten arteko orekak lagungarri egiten da txapelketa jarraitzeko, suspense puntu bat ematen dio zein bikote sartuko diren finalerdietan eta zeintzuk ez.
Nik, ezagutzen nazu Jon, ez daukat oso garbi. Txapelketek antolatu behar dira bikoteen oreka bilatuz ala onenak onenekin. Pilotan orekaren bila joatea izan da bidea. Salbuespenak badira, Iparraldean, eskailera sisteman onenak onenekin jarri dituzte, azken orduko sorpresaren bila. Futbolean adibidez, onartzen da Bartzelona batek Athletik edo Realaren arteko norgehiagoka, jakinaren gainean normalean Barsak irabaziko duela.
Behin entzun nion Carmelo Ezpeletari, zesta-puntaz hizketan, onenen arteko konbinazioak defenditzen, eskupilotan ematen ari den orekaren beste muturrean jarri zen Ezpeleta. Gai korapilatsua da. Tokian tokiko kontuan hartu beharreko desberdintasunak. Ez da berdina Iparraldea udaran edo bi-bitako eskupilota txapelketa. Edo bai?
Ezagutzen nauzu Jon, nik beti bueltak ematen gauzei.
Aimar jokatzen ari da Imazekin. Irribarria eta Jaunarena dituzte kontra. Bolumena kentzen diot telebistari. Zurekin hobetogo komunikatzeko eta aldi berean, esatariei ez entzuteko. Ez txarrak direlako, guztiz kontra, iruditzen zait Lizartzak eta Errastik lan txukuna egiten dutela. Bigarrenak batikbat. Oso ona da Errasti iritzi emaile bezala. Bolumena kentzen diot hobetogo zentratzeko jokoan, nahita nahi ez, esatarien iritziak baldintzatzen baitute ikusten ari zarena. Hobe norberak ondorioak ateratzea.
Aimar sasoi betean dabil, 37 urte dituela usten dut, baina bera ez ote da aurrelari onena, zuri zer iruditzen zaizu. Ez nintzateke harrituko finala jokatzen ikusiko bagenuke. Imaz, bere atzelaria, seguru samarra da. Huts gutxi egiten duen horietakoa.
Irribarriak berriz, asko dauka ikasteko. Huts dezente gaurkoan eta besoak altzata protestan gehienetan, biraoka, pilota arrika. Irudi eskasa ematen du pilotariak horrelakoetan.
Jaunarena ari da jokatzen. Min hartutakoak direla, edo erabaki teknikoarengatik, Asegarce enpresak aldatzen aritu da atzelari batzuk. Errendimendu hobearen bila. Batean Zabala, Untoria gero… hanka sartzea dela iruditzen zait. Koadroak pilotari askokoak balira, tira, futbolean edo saskibaloian, esate baterako, baina pilotan? Zer nahi dute, egun batetik bestera pilotan ikastea?
Gero beste gauza bat gertatzen da. Erraza da Untoria izozgailura bidaltzea, edo Victorrekin egin zuten moduan, baina ausartuko al litzake Asegarceko intendentea Bengoetxea izozgailura bidaltzen?
Behekoekin errendimendu onaren izenean erabakiak hartzera samurragoa izaten da. Figurak ataka hortan jartzen direnean, ordea, ezikusia egiten dute intendenteek, beti gertatu dena eta gertatuko dena.
Aipatu dizudanean nire blogeko azken idatzia: Más de lo mismo, titulua zeramana. Diplomatiko samar erantzun ote didazun iruditu zait. Gehiegi busti gabe. Badakit nik idatzitakoa eta ahuntzaren gauerdiko eztula antzerakoak direla, baina gero eta konbetziatuago nago zesta-puntak daraman bidea, Euskal Herrian, epe-erdian, kaltegarria dela, suaren antzera, auspoa ez bada itzaltzen joango dela. Gazteei ez bazaie zirrikitu bat ematen goi mailan aritzeko, zer egingo dute gazteek, noiz arte entrenatzen jarraitu. Aukera bakarra, Mexikora edo Floridara joatea. Euskal Herrian bertan, jai daukate. Adibide bat jarriko dut; bi hobe. Zergatik Alberro anaiek ez daukate aukerarik Jai Alai World Tourrean parte hartzeko aukerarik?
Edo Arbek, Etxebak edo Garitak, esate baterako. Danian jokatzeari uko egin zioten. Baina aukera emanez gero Euskal Herrian, ziur naiz froga bat egingo luketela zirrikituren bat izanez gero.
Ezin dena da, eremuei kotak erartzea. Beste kiroletan denek aukera dituzte gorantz egiteko, tenisa eta golfa adibide onenak, surfa ere bai seguruenik.
Badakit agintean daudenak, Jai Alai World Tourra kontrolean dutenek: Kontseiluak, Gernika Jai Alai eta Jai Alivek ez dutela entzun nahi ere halakorik, kolokan jarriko lukeelako sistema guztia. Eta arriskutsuena, euren protagonismoa.
22 eta 11 bukatu da partida. Aimar eta Imaz nagusi. Badirudi finalerdietan sartzeko postua ziurtatu dutela Olaizola II.ak eta Imazek.
Gaur irakurri berri dut facebooken, Jai Alai Newsek emandako notiziarekin, laster direla puntistak berriro Mexikon, denboraldi berriari hasiera emateko. Bi zatitan banandute denboraldia , bigarrenean ez dira izango pilotari batzuk.
Ze esana emango du Mexikoko denboraldi berriak, harremanetan egongo gara. Izango duzu nire berri. Ezagutzen nauzu Jon. Bitartean besarkada bat Euskal Herritik.
Eta, zorionak Jon! gaur, otsailak 12, 27 urte beteberriak.