Hendaiako tren estaziotik abiatu ginen, abuztu hondarreko arratsalde euritsu batean. Aitak lagundu zidan niri, osaba batek nire bidaideari. Hamabost urte besterik ez nuen, bi urte zaharragoa nirekin bidaiatzera zihoan goiherritarra. Urduri nengoen ni, bera nola ote zen sentitzen, ez dakit. Hogeitamar urte lehenago, Hitler eta Franco elkartu omen ziren bertan, horren berri geroago izan nuen.
Hendaiako tren estazioa txikia da, hala gogoratzen dut, izan ere, geroztik ez bainaiz itzuli. Jendez gainezka zegoen, nasak emigrantez lepo, maletak han-hemenka, bozgorailuetatik isiltzen ez zen ahots batek aginduak emanez, apenas ezer ulertzen nuen hizkuntza batean.
Halako batean,» Milano» aipatu ote zuen. Handik ordu laurden batera tren baten barruan geunden, bagoiko apal batean maletak ipini eta minutu gutxira, mantso-mantso trena abiadura hartzen hasi zen, hogeita lau orduko bidaia genuen aurretik Milanora (Italia) iritsi arte.
Urduri nengoen, gorputz guztia dardarka, ez nire lehenengo benetako bidaia zelako, baizik eta estazioan zain geundenean zerbait bitxia gertatu zitzaidalako. Besapean pelotan jokatzeko saskiak nituen, maleta haundi bat beste eskuan; halako batean trajedun gizon bat hurbildu zitzaidan, ilea urdina zuen, baita ere bibotea, maletin bat beltz kolorekoa zeraman ezkerreko eskuan.
«Zulaika zaitugu, beraz, pilotaria», esan zidan. Nire masailak gorri-gorri jarri ziren istant batean, «Milanora iristen zarenean, trenetik jetxi bezain pronto gizon bat hurbilduko zaizu, besamotza da eta herrena; eskura iezaiozu maletina, ez zara inoiz damutuko».
Sei lagun gindoazen bagoian, ni eta nire lagun goierritarrarekin batera. Itxurarengatik atzerritarrak ematen zuten beste laurek, frantsesak ez behinik behin, hitz egiten zuten apurrari ez nion frantsesaren tankerarik hartzen, horrenbeste ikasia bainuen batxillerrean. Mahats biltzea zijoazen portugaldarrak nonbait. Minutuak, orduak pasatu arren, ez nintzen lasaitzen, are gutxiago maletinaren gainean pentsatzen jartzen nintzenean, behin eta berriro burura etortzen zitzaidan auzia, hain justu.
Zer ote zegoen maletinaren barruan: dirua, dokumentu sekretuak… badaezbada ere maletina soinean edukitzea erabaki nuen, nire gorputzari atxekita.
Nire lagun goierritarra salbu, jende arrotzez inguratuta nengoen, tarteka batek edo bestek begirazunak botatzen zizkioten sabelean kontra neukan maletinari; orduan, are eta estuago estutu nuen maletina.
Trenak ateratzen duen tran-tran soinuarekin, erritmo monokordearen ondorioz, nahigabeko lozorroan sartu nintzen, bagoiko gainontzeko guztiak seko lo zeuden bitartean, zurrungan gehienak.
Halako batean, gure bagoiko atea ireki eta builaka sartu zen pika-pika bat, aginduak eman baino mehatxuka. Nik eta nire lagun goiherritarrak ez genuen ezer ulertzen, ezta portugaldarrek ere. Nola edo hala, seirok literak lotarako prestatzen hasi ginen, uniformez jazten zuen ero itxurako funtzionarioak biraoka segitzen zuen bitartean.
Gau hura, gau luzea izan zen niretzat. Arrotz harengandik eskuratu nuen maletinak sortu zidan urduritasuna batetik, deserosotasuna bestetik ohe estu hartan, tran…-tran…-tran… aldikako erritmoan, beste lokomotoren ziztuak edo gureak egindakoak tunel batean sartzean eta irteterakoan; ez, ez zen giro hamalau urteko mutil urduri batentzat. Eta izerdi sunda baino areago, bertako kiratsak, jasaezinezkoa egiten zuen bagoi hartako bizikidetza.
Etxetik urruntzea ez zen gauza samurra izan, hasi bezain pronto konturatu nintzen ustekabeak bata bestearen atzetik izango nituela, eta joera horrek betiko izango zela nire bizitzan zehar.
Eta oraindik Milanora heldu gabe, bertan zer espero nuen argitu gabe.
Trenak ateratako ziztuak edo garrasi ikaragarri batek lozorrotik atera eta bapatean zutiarazi ninduen literatik, lehendabiziko mugimendua maletina bilatzea izan zen. Hotz egiten zuen bagoian. Orduan konturatu nintzen leihoa irekia zegoela. Hasi nintzen erreparatzen best bost lagunak lotan ote zeuden, nire lagun goiherritarra barne; litera bat, leihotik gertuena, hutsa zegoen, ordura arte portugesetako batek okupatzen zuena. Izua sartu zitzaidan hezurretaraino.
Apur bat lasaitu nintzen maletina sumatu nuenean nire aldamenean.
Frantzia eta Italiaren arteko muga, Veintemiglia izenekoa, gainditu ondoren, handik ordu gutxira Milanoko tren estaziora iritsi ginen. Burua bagoiko leihotik atera nuen eta mundu bat ikusi nuen.
Minutu gutxi barru, maleta, saskiak eta maletina esku bakoitzean, jendetza hartan nahastu ginen, gizon herrena eta besamotza noiz agertuko zelakoan.
Halako batean, esku bat sumatu nuen nire bizkarrean. Kendu ezinezko urduritasunaz aparte, dardarka jarri nintzen oraingoan. Burua jiratu nuenean polizia ikusi nuen: carabinieri bat.
«Prego, signore, vorrei vedere la sua documentazione».
Nire lagun goiherritarraren ahotsak atera ninduen paralisisatik. «Erakusteko pasaportea».
Leher eginda iritsi ginen albergo, ostatu batera, gaua bertan pasatzeko. Maletina, oraindik ere, nirekin.
Sosegatu ezinean, jakin minak erabat harrapatuta, maletina irekitzea erabaki nuen. Kostata baino, maletina zabaltzea lortu nuen. Ez dirurik barruan, ezta dokumentu sekretuak; liburu bat baizik.
Quosque tandem… zuen titulua, Jorge Oteizarena. Berrogeita hamar urte geroago, hain zuzen, konserbatzen dudan liburua.