Gauero larrosa bat aurkitzen nuen autoaren aurre aldeko kristalean, parabrisasan –artean, Tampa Jai-Alai-ean ari nintzen jokatzen, 1978an. Frontoiko funtzioa bukatu, dutxa hartu eta gero, aparkalekura abiatzen nintzen automobilaz etxera joateko. Han izaten nuen larrosa lorea nire esperoan. Eguna joan, eguna etorri, gauerdian gertatzen zen; bi hilabete iraundu zuen jolasak.
Ez nuen jakin izan nork uzten zidan lore hura. Sikiera ohar bat utzi izan balu, izen bat edota telefono zenbakiren bat; noizbait gertatu izan zitzaidan bezala. Lore bat, oraingoan, larrosa bat, gauero.
Hasiera batean, lehenengo egunetan, pentsatu nuen egun gutxiko kontua izango zela; inondik ere ez, zortzi aste luzera izango zuenik.
Nire egoa asebeteta sentitu zen halako miresle anonimoaren jokabidearekin; gauak pasa ahala, ordea, misterio hura areagotzen joan zen. Pasatu zitzaidan burutik security guard lagun bati esatea zer gertatzen ari zitzaidan; zelatan egoteko autoen atzean ezkutatuta, ea nor ote zen neska misteriotsua; izan ere, beti lotu izan nuen neska izatearekin, naturalena iruditzen baitzitzaidan gu bizi ginen giroan.
Ez nintzen ausartu; agian, espero nuelako argitzea zein ote zen nire miresle misteriotsua. Alferrik, gauzak zeuden berean uztea erabaki nuen.
Bi hilabete erritual hura ematen zela eta, gau batean, harriduraz eta penaz, ohartu nintzen larrosa falta zela parabrisasan. Baten batek ostu dit, pentsatu nuen nire artean. Aldamenetik pasatzerakoan baten batek, larrosa ikusi eta eraman egin du, bere emazte edo andregaiari oparitzeko.
Hurrengo gauen, lorerik ez autoaren aurreko aldean. Ezta ondorengo egunetan.
Artean, supermerkatuko erosketak Publix-en egiten genituen. Bazuten bertan lore-denda bat, Carson izeneko neskaren ardurapean. Neska isila, lore-saltzailea. Nik, Hillsborough Community College-tik ezagutzen nuen Carson, Introduction to English Literature I kurtso berean topo egin genuenean. Gogoan dut ez izena bakarrik, baita bere abizena: MacCullers. Carson MacCullers hain justu. Izen eta abizen hain potenteak ez zijoakion haren itxura hauskorrakin.
Apenas ez genuen hitz egin elkar kurtso osoan; zein baino zein lotsatiagoak gu biok, nonbait.
Egun batetik bestera, bere ordez, beste neska bat arduratu zen Carsonen lanpostuaz, Publixen. Galdetu nion Joe, Assistant Managerrari, Carsoni buruz. Ea zer gertatu zitzaion aurreko lore saltzaileari.
Joe laguna, beti irribarretsu agertzen zena, aurpegi serioa jarri zuen oraingoan.
«Neska jatorra zen Carson», esan zidan Assistant Managerrak.
«Herenegun despeditu egin nuen. Larrosak, dozenaka lapurtzen ari zen eta. Penagarria benetan».
Pena, nik hartu nuena.