Jaio nintzan iltzeco
Aldi-oro noa iltzen
Ildakoan erabat
Asiko naiz bizitzen.
(Heriotza Murelagan, William Douglass-en liburuko pasarte bat)
Aste batzuk joanak dira Juan Anjel Ibarra adiskideari eman geniola azken agurra Aulestin. Heriotzarekin topo egin bazuen Bilboko eritetxe batean, elizkizunak bere jaioterrian ospatu ziren; non bestela.
William Duglassen «Death in Murelaga» liburutik (gaikaldeko epitafioa), bizialdi honetako alderdi ezkorra agertzen badu, itxaropena geroan, eternitatean jarrita, ez dut uste inondik ere Juan Anjelen kasoa izan denik, ezta ere hainbat pilotariena… Juan Anjel gazte, 66 urterekin, joan arren mundu honetatik, gaztetatik bizitzen ikasi baizuen (…) «Ildakoan erabat Asiko naiz bizitzen», bere sorlekuan jasotako esaldiari jaramonik egin gabe, guztiz kontra baizik.
Bihurgune gaiztoak ditu Markinatik Aulestira daraman bidea, lau kilometro besterik ez, baino bai luzeak…. ilunpetan baldin bazoaz, behinik-behin. Felix Alberdi dut gidari; eskerrak, berak ondo ezagutzen baitu errepidea, Aulestin jaioa baita. «Makina bider egina dut bide hau bizikletaz, Markinara ensaiatzera joan etorrian; baita amagaz, astoarekin tratura, azokarako bidean». Aldapa piku-pikua du harrobiz inguratutako bideak.
«Kepa (Juan Anjelen anaia) ona zen bizikletan, hark zuen indarra»…¡, esaten dit Felixek, miresmenez.
(Felixek, abizena Ibarra izan arren, ez da senide egiten Kepa eta Juan Anjelekin).
Halako batean, bidea aldapa izateari utzi eta nahikoa ordeka bilakatu da. «Hor, gaikalde hortan», behatzarekin seinalatuz, «Subero auzoa… Sakoneta baserria bertan da. «Goitia anaien baserria?», galdetzen diot Felixi. «Bai, aita harri-jasotzailea zuten, gizon indartsua».
Goitiandia dute abizena «Goitia» anaiek, oker ez banago.
«Beheko partean, ezkerrerantz, «Kastillo» baserria, Cesar, zure lagunaren ama bertakoa zen», esaten dit Felixek. «Aita, maixua, Gasteiztik Aulestira etorri eta bertako alabarekin ezkondu zena. Gizon azkarra, Cesarren aita. Aulestitik alde egin eta gero, Bilboko kolejio batean aritu zen zuzendari lanetan».
Goitiandia abizena bueltaka daramat buruan. Izan ere, William Douglass, antropologo amerikarrak, hilabeteak eman zituen «Goitiandia» baserrian, 1964-1965an. Sakoneta baserrian?, galdetzen diot nire buruari.
Debutatu eta handik urte gutxira irakurri nuen William Douglassen «Muerte en Murelaga» liburua. Garai bateko erritual funerarioak nola izaten ziren aztertu zituen Douglass jaunak (Mister Basque bezala ezaguna hainbat eremu akademikoetan).
Behin baino gehiago aipatu izan nion Kepa Ibarrari gizon honi buruz. «Bai, akordatzen naiz nola ibiltzen zen beti Don Emilio abadearekin berbetan». Juan Angelek, Keparen anaiak ere, erantzun bera eman zidan orain dela hilabete gutxi elkarrekin bazkaldu genuenean, Bilbon, Pilotarien Batzarraren festa barruan.
Felix ere akordatzen Don Emilio abadeaz: «Lekeitiarra zen, ezkertiarra».
Errepidean jarraitzen dugu. Iluna dena. Gorantz begiratzen dut eta argi bakan batzuk, baserri galduak han hemenka mendi hegaletan. Bizi egin behar da halako lekutan, pentsatzen dut nire baitan. Gaur egun, tira, autoak direla-eta, baino lehen… oinez edo astoz baserritarrak mugitzen zirenean… Derrigor gorde behar antzinako usadioak bazterretxe horietan, aisolamendua hain nabermena zen parajetan. Derrigor, baita ere, hainbat aulestiar gazteen deseoa emigratzeko, artzai lanetara Boise aldera edo behar bila Australiara azukre-kainabera landetan .
«Nik ere badut anai bat Renon, artzai joandakoa», esan zidan Felixek.
Hogei urte nituen ni eta beste lagun bat, Bittor, Boisera (Idaho) iritsi ginenean, furgoneta batean Floridatik abiatuta Estatu Batuei bira eman nahian. Boiseko downtown-era, hiriko erdigunera, alegia, heldu ginenean arratsaldea zen, igandea gainetik, ia-ia arimarik ez kaleetan, (ohikoa den bezala jai egunetan USAko hiriburuetan). Galdezka-galdezka halako batean «Basque Center» delakora iritsi ginen. Erdi ilunpetan zegoen tabernan kamarero bat eta bi bezero, gazteak biak, aurpegi tristeak. Juke-box batetik John Denverren kanta: «Country roads take me home, to the way I belong»… (mendiko errepideak eraman nazazue etxera, hangoa bainaiz ni).
Aulestiarrak omen ziren, etorri berriak, auskalo nongo baserrikoak, ze auzokoak, Subero edo Murelaga… Herriminez jota zeudela zirudien. Ez dut inoiz ahaztuko bi gazteen begiradak isladatzen zuten tristura.
Mister Basqueri, Douglass jaunari, aholkatu ziotenek Aulestira joateko nahi baldin bazuen in situ aztertu behialako erritualak, zuzen zebiltzazten, leku apropasagorik, nekez.
Heldu gara Aulestira, Felix bertan jaioa denez, ongi ezagutzen du non aparkatu autoa, denbora galtzen ibili gabe. Garaiz iritsi gara baino dagoeneko aparkalekua ia-ia autoz beteta dago. Hegoaizea nagusi da, hala ere, hotza egiten du Aulestin. Kale bakarra duela esan daiteke herri honek, Main Street baten antzekoa.
Felix Ibarrak harrotasun puntu batekin berba egiten dit Aulestiri buruz, «Lauaxeta» poetaren ama bertakoa zen. Udak eta hemen pasatzen zituen. Baita Irigoien linguistak, Euskaltzaindiako kide zena».
Plaza eta San Juan Bautista parrokiaren ataria, jendez gainezka daude dagoeneko. Herriko jendeaz aparte, aurpegi ezagunak ugari, Juan Angel Ibarra-Maruri-Garrori azken agurra ematera bildu garenok, pilotariak gara asko.
Maitatua zen Juan Anjel (sare sozialetan izan nuen bere izenaren berri). Maitasuna sortzeko gaitasun berezia zuen pilota munduan, gure artean, «Ibarra-Maruri edo Garro», izenez ezaguna. Aulestiko plazan pilotari asko geunden, baino diasporan barreiatuta, zenbat eta zenbat izango ziren bertan egoteko desiratzen zutenek, bertan baleude bezala sentituko zirenak. Sare sozialei erreparatu besterik ez, Ibarra-Maruri edo Garroren ustegabeko heriotzak sortutako erreakzioak eta zirrara eta maitasunezko adierazpenak.
Nik, Ibarra –izen horrekin ezagutu nuen duela 46 urte Zaragozan– asko estimatzen nuen pertsona zen. Garai hartatik gainera. Artean, ni hamalau urteko ume-moko bat nintzenez, praka motzak gainean oraindik ere. Debutatu berria. Zaragozako Jai Alaiko kantxatik irteeran, aldageletako eskailerak hartzen hasita, bazen markagailua bezala erabiltzeko halako txabola haundi bat. Pladurez egindako ormak zituenak. Zulo bat agertzen zen orman, ukabila baten neurrikoa. Lankidei entzunda, pilotari batek egindakoa omen, amorrazioz, partidua galdu ostean.
Neri, ez zitzaidan buruan sartzen nola egin zitekeenik halako astakeri bat, ukabilaz pareta garbi-garbi zulatu, alegia. Gizon haundi bat izan behar, inondik ere, berebiziko indarra zuena. Zikloperen bat, artean, tebeotan miresten nituen «Capitán Trueno» edo «Jabatoren» bat.
Handik gutxira ezagutu nuen erraldoi baten itxura irudikatzen nuen morroia. Frontoiaren kale berean, «Requete Aragonés» kalean, hain justu, bazen pelukeri bat. Han sartu nintzen behin. Handik gutxira hor ikusten dut ispiluan ia-ia bi metroko gizona, sorbalda batetik bestera ispiluan kabitzen ez zena. Irrifarra ezpainetan. Bati eta besteari agurtuz, ezaguna inondik ere. Pelukeroek euren lanak utzi eta denak berarengana hurbildu ziren. Euskal Herritik etorri berria, guztiz osatuta, sendatutako ukabila erakutsiz horren lekuko.
Ni, bitartean, isil-isilik. Hau duk ba, Ibarra famatua.
Durangon eta Gernikan hasitakoa zen Ibarra profesionaletan. Gero, Madril aldera joana, «Frontón Madrid»-era, 33 metroko luzera zuen kantxa batera. Ikustekoa izan behar zuen halako gizon puska halako espazio txikian. Bertan, Felixek kontatu zidanez, irabazi zuen Ibarrak bere lehenengo torneoa eta azkena izango zena, aldi berean. Inoiz ez baizuen besterik irabazi.
Zaragozan gelditu zen Ibarra, nik Milanerako (Italia) bidea hartu nuenean (1971). Bera eta beste pilotari asko, Indonesiako hiriburuan, Yakartan, frontoi berria noiz irekiko zain geratun ziren, urtebete beranduago gertatu zena.
Esaten dutenez, Yakartan oso maitatua izan zen, bai lankideen artean, baita ere afizionatuen aldetik, bertako hizkuntzan ondo manejatzen zela-eta, denak txoratzen erraldoiarekin.
Beti izan dut sentsazioa gorputz haundiaren barruan, sensibilitate handiko ume bat izkutatzen zela, artista batena. Marrazkilaria apartekoa izateaz gain, trasmititzen zidana zen, beste norabide bat hartu izan bazuen gazteetan, batek daki zertan bilakatuko zen. Kirolariok ezaugarri hori dugu, amerikarrek deitzen dioten: «unlived life», bizitu ez izandako bizitza, hain justu.
Hala ere, damurik ez.
(…) «Ildakoan erabat asiko naiz bizitzen», dio hasieran aipatzen dudan epitafioa, «Death in Murelagatik» ateratakoa. Juan Anjelen kasuan ez dut horrela izan denik. Pilotarien kasuan, gehienetan, ezta ere. Gogotik jakin izan dugu bizitzen, are gehiago Ibarra-Maruri edo Garroren ibilbidean. Zukua hurrupadaka atera ziola bizitzari ukaezina da, agian muturreraino, makuluei oratuta ibili beharraraino penitentzia edo zigor moduan.
Bi urte ez dira Bartzelonan izan ginela elkarrekin, Pilotarien Batzarraren festaren barruan. Ibarra-Maruri edo Garro izan zen omenaldia jaso zuen bat. Ez zuen asmorik joateko baino azken uneko «presioak» bultzatu zuten hara joatea. Damurik batere ez. Ondo ezagutzen zuen hiria zen, urte batzuk jokatzen pasatakoak. Erretiroa hartutako pirata baten moduan ibili zen kaleetan zehar, makuluen laguntzaz. Ez zen atzean geratzen den horietakoa. «Principal Palacio» frontoira igotzeko, hirugarren solairuan baitago, igogailua matxuratuta zegoela, denok pentsatzen genuen Rambla Santa Monican, pilotalekuaren atarian geratuko zela gora begira Ibarra-Maruri edo Garro; bai zera¡ «Palas»-eko kantxa barruan geundela behilako denborak gogora ekartzen, hor azaldu zen «Garrito», izerdi patsetan, hiru solairuak banan-banan gainditu ostean. Gustuko aldapa, nekerik ez, dio esaera zaharrak.
Hiru deitura horiekin aritu zen pilotan Juan Anjel: «Ibarra-Maruri edo Garro». Segun eta non. Berez, Ibarra zuen abizena, baino gertatzen da abizen bat «okupatuta» egotea heldu berritako kuadroan. Besteren bat aukeratu behar. Maruri, Yakartan. Garro, Bridgeporten. Orlandon…
«Garro» izenarekin Bridgeporten aritu zen. Garrok ez zuen asko iraundu Connecticuten, jokoa ez zuen arazoa, pisua zen problema. Kilo larregi, Garrok. Intendenteak, Ricardo Lasa, Garrori. «Pisua jetxi ezean, kontratorik ez». Garrori mundu hontako plazerrak gustuko, eta bizitzeko jan egin behar. Denboraldi bakarra eman zuen Aulestiko erraldoiak Bridgeporten.
1983an, Madrilen frontoi berri bat ireki behar zutela, Ricardo Lasa intendente berriro. Lelo bera. Garrok kiloak jetxi eta balleteko dantzari baten itxura hartu zuen, fin-fina, inoiz ez bezala, kontratoa boltsikoan. Tamalez, gauzak okertu egin ziren eta egitasmoa bertan behera gelditu zen. Pilotariz osatutako kuadro oso bat, langabezian. Garro tartean, inoiz ez bezala zaindu ostean.
Hunkigarria izan zen elizatarian, meza amaitu ostean zain geundela noiz azalduko, ez zerraldoa, behiala bezala, hilobaren eskutan kutxatila baizik, Juan Anjelen errautsekin. Pilotariok zestak airean azken agurra emanez: «Ibarra-Maruri edo Garrori».
Izan ere, Ibarra-Maruri edo Garro, jaio zen bizitzeko, aldi-oro bizitzen, ildakoan ajolarik gabe zer gertatuko den.
Egun handirarte, Juan Anjel.