«Plano guztiak nahi ditut Avarengan… okurritu ere ez, beste inora»!
Haserre bizian hitz egin zien Fernando Lopetegik, EITB-ko trasmisio buru, kameramen guztiei. «Behin Hollywood-eko diva bat etorri pilotaleku batera eta besterik ez zitzaigun falta»…!
Giroa, izan ere, aproposa zen Carmelo Balda pilotalekuan. Aspaldian ezagutu ez den bezalakoa bizi zena larunbata hartan. Bozgarailuetatik Xabier Gamarra esatariaren ahotsa batetik, musikarien doinuak, jendearen marmarra, pilotaren hotsa paretaren kontra, nahasmena izugarria aizue. Harmailak lepo, palkoak beste hainbeste, VIP jendearekin beteta. Agintariak, ezagun ugari, pelotari ohiak, intendente izandakoak, kazetariak, klubetako ordezkariak, turistak.
Gure aldameneko palkoan Pedro Mir, Pistón eta Guillermo somatu nituen. Salsamendi III, Ituarte eta Totolo Urrutia ere tartean ziren. Beste palkoan, Chucho Larrañaga, Fraipa Izaguirre, Chimela, Churruca eta Ondarres… Eguiluz intendentea hizketan somatu nuen «Chicharro» Arregirekin eta Beitiarekin…
Bakar bat ez zen gelditu gure palkotik pasatu gabe, den-denek nahi zuten agurtu Anjelito eta batik bat, nola ez, Ava Gardner emakume ederra.
Atzera begiratu nuen eta gugandik bizpahiru metrora Begoña del Teso, Diario Vascoko zinema kritikaria, ikusi nuen mugikor batetik hizketan: «Aixue, mundiala, sinistesiña, aixue, ez Berlinalen, ez Venecian, ezta Cannesen, Donostian aixue, Carmelo Baldan hain xuxen, Ava haundia, Ava emakume ederra, Ava mitoa… non eta, Donostian, Carmelo Baldan»… –Euskadi Irratiko Arantxa Iturberekin ari zen hizketan, irrati saioan, zuzeneko emanaldian– «Rebordinos jauna non saude? Zinemaldiak nola egin du halako hutxuna, diva bat hirian eta Rebordinos enteratu gabe, kar,kar,kar… tira zaites tximetatik susendari jauna kar,kar,kar»…
Bitartean, Peter Cincotti, New Yortik propio etorritako jazz piano jolea, jo eta su ari zen piano teklekin Hanot eta Ager, Audience-ko kideen laguntzaz. «Nire mundu txikia triste jartzen denean zuri begira jarri bakarrik eta dena zoragarria bihurtzen da», abestu zuen Peter Cincottik, buruarekin Avaren presentziaren bila.
Kanboko Xikito ere ikusi nuen, aldamenean hegoamerikar laguntzaile bat zuela. Sarrerako lehiatilan aurkeztu zuen bere burua: «Kanboko Xikito naiz»! Debalde sartzeko eskubidea zuela, aditzera emanez. Bertan zeuden klubeko gazteak mutu geratu ziren, nor arraio ote tipoa, bi sarrera eman zioten, bada ezbada ere.
Avak esan zion Anjelitori apustua egin nahia zuela, Tijuanan egin zuen moduan. «Einyol» (Anjel) I want to bet, how about it»? «Ez, honey, ezin da apusturik egin»… Avak ezin zuen ulertu. «Hau ez da Tijuana, hau Donostia da, apusturik ez, laztana». Berak Diego eta Aldazabalen alde egin nahi zuen apostu. Izan ere, hirugarren eta laugarren posturako jokatzen ari ziren Erik eta Lekerikaren kontra. «He´s such good looking boy», Aldazabal seinalatuz.
Zeharkako begirada batekin, guregandik hiru bat palkora, Carmelo Ezpeleta eta Bernnie Ecclestone ikusi nituen hizketan, eskuarekin ahoa tapatuz inork ez asmatzeko zertaz ari ziren berbetan.
Konturatu orduko Diegok eta Aldazabalez hirugarren seta irabaziz eskuratu zuten Txapelketako hirugarren postua. Ondoren jokatuko zen finala.
10 eta 8 zijoazen, Goikoetxeak eskubiz erreboteatu zuen eta pilota bidali zuen txik-txakera, hilda geratu zen bertan. «Koñooooó…! Pedro Mir jaunaren harridurazko hitzak. «Nire bizi guztian ez dut inor ikusi halakorik egiten! Eta pentsa zenbat eta zenbat pelotari ikusi ditudan nire bizi osoan».
«Eta Erdoza menor?», galdetzen diot. «¿Erdoza…? Don Eusebio, comía aparte».
«Ese muchacho», Epifanio maixu haundia hizketan, Goiko seinalatuz. «Horrek atzeratuago jokatu beharko luke, atzelariari lagunduz. El zaguero (Erkiaga) necesita ayuda. Se ve que no está acostumbrado a jugar dando ventajas».
«Bentajak zuk ematen zenituen», Fraipa Eizagirre Chucho Larrañagari: «Gogoratzen zara Durangoko Ezkurdin, 62an, biok bikote osatuz Orbea I eta Egiren aurka? Haiek denborak… haiek.
Joko bana berdindu zuten, bost tantotara erabakiko zen World Jai Alai Tourra.
Peter Cincottik Audience laguntzarekin jarraitzen zuen bere kantekin, baita bikote batzuk animatu erez danzara.
«There´s so much I want to say but the right words just don´t come my way, I just know when I´m in your imbrace this world seems to be a better place».
Bikote batzuk dantzan aei ziren; Anjelito eta Ava ere animatu ziren balseora. «Einyol (Anjel) you are such a marvelous dancer… zoragarria da zurekin dantza egitera».
«Xoratxekoa, sinestezina, ikusten ari naizena», Begoña del Teso zen berriro, Euskadi Irratiko Arantxa Iturberekin zuzenean, «nor eta Ava Gardner handia, Ava mitoa, axkorentxat munduko emakume ederrena, dantxan play-boy batekin. Es, es da Franck Sinatra, ezta Micky Rooney, Artie Saw ere ez. Villabonakoa, aixue, omen da gixon elegantea, etxekoa, euxkal produktua… kar,kar.»…
Fraipa Eizagirre Chucho Larrañagari: «Eta Markiñan, 63ko maiatzaren 15an, arratsaldeko seiretan, zelako partidua bixok Orbea I eta Txurrukaren kontra». Haiek garaiak, haiek!»…
Halako batean istilu bat beste palkoan. Erdoza menor lepotik heltzen zion Gorka Bilbao, «Jai Alai Blues-eko zuzendariari. «Ez dezue lotsarik, ume-mokoak, 90 minutuko pelikula eta ni agertu ez, ezta Markiña aipatu ere, lotsagabeak zuek»!
«Barkatu Eusebio jauna», Gorka Bilbao hitz totelka, «Ez da berriro gertatuko, bigarren zatia egingo degu eta erdia zuretzat izango da. Beste erdia Markiñari dedikatuta».
«Guzurrik ez neri, gero! Ostera gertatzen bada halakorik zin egiten dot frontisan ipiñiko doutsala». Telefono dei bat zeukala planta egin zuen Gorka Bilbaok: «Barkatu Erdoza jauna, Julio Medem daukat deika mugikorretik». Korrika alde egin zuen zuzendariak.
Bina jokora berdindu zuten Goiko eta Erkiagak, Egiguren II eta Enbilen aurka. Bost tantotarako setak erabakiko zuen World Jai Alai Tourreko finala.
Halako batean, piloteo luze bat. Etortzen zaio pelota Goikori zazpi kuadrora errebotetik, zangoak zoruan finkatzen ditu, sahieska kokatzen da, luzatzen du besoa eta… berriro, sekulako pelotakada jaurtitzen du, obus baten moduan dijoa pelota, atzelarien gainetik… hil da geratzen da zorua eta erreboteko horma jo bezain pronto. Egundoko Txik-Txak-a!
Harmailetan, palkotan batik-bat, harridurazko ohiuk entzun ziren, txalo zaparradak ondoren, jendea zutik… «Caballeros», Don Pedro Mir-ek, «vámonos pa(ra) la casa. Todo lo que teníamos que ver, lo vimos ya».
Sorbaldatik heldu zion Erdoza menor-i eta hor joan ziren koadrillan, Guillermo, Chucho Larrañaga, Salsamendi III, Tximela, Ondarres… Xanti tabernarako bidea hartu zuten.
Gu ere laster joan ginen bide beretik, atzetik dozenaka kazetari segika, mikro eta kamerak eskuetan. Ez lehenago despeditu gabe Peter Cincotti eta Audience-ko Ager eta Hanotekin.
Xanti tabernan geundela jakin genuen Egiguren II.ak eta Enbilek irabazi zutela partidua.
Trago pare bat hartu eta bakoitza bere bidetik abiatu zen.
Anjel eta Ava, biak Cadillac deskapotable berdean igo ziren, Felix txofer lanetan.
Mantso-mantso hasieran, abiadura hartzen joan zen Cadillac-a. Eskuekin agurtu gintuzten bistatik galdu arte. Ez ziguten esan nora zihoazen, Zalduondora, Martillun jatetxera (Txirrita adiskiderengana), Tijuanara edo Maria Cristina hotelera…