Ava Carmelo Baldan (I)

Loiu, irailak 9.

Zoragarria iruditu zitzaidan ikusi nuenean hegazkinatik eskailerak jeisten eta guregana hurbildu zenean, ilea zapi beltz batekin estalia, betaurreko ilunak eta ibilkera dotore hura, ezpainetan irrifarra gozoarekin; xarmangarria, klase haundiko emakumea Ava. «You look as beautiful as ever. «Beti bezain ederra zaude», esan nion bi musu ematen nizkion bitartean.

Ekipajea jaso eta aparkelukara joan ginen, Felix genuen zain, berak eramango gintuen Zalduondora, Anjelito Ugarteren Cadillac berdean, Avaren aspaldiko lagun tzarrari bisita egitera.

Zalduondora (Araba) iritsi ginenean dagoeneko Anjel jatetxeko atarian genuen. Elegante jantzita, oso. Traje zuria goitik-behera, korbataren ordez, cow-boy-ek lepo-bueltan eramaten duten lakioa. Gerritik zintzilik, berriz, urrezko kate bat, urrezko zesta txiki batekin. Oinetakoak kanpera tipokoak, Daytonan aspaldian erositakoak. Balantzaka hurbildu zen autoarengana, eguzkia zirudien irrifar batekin, besoak zabal-zabalik. «Oh my god, Ava! it´s been so long since the last time I saw you»… Besarkatu ziren biak, bazirudien Anjelek musuz jan nahi zuela Ava, aspaldiko lagun tzarra. «Einyel (Avak Anjel izena hala ahoskatuz), you look so young and handsome as ever».

Urteak dira biak elkar ezagutu zirela. Palm Beach-en (Florida) hain justu, bertako Palm Beach Gardens aberetsen klubean. Bazkide honoarioa izendatu zuten «Anjel» Ugarte, frontoian «urrezko zesta» irabazi zuen urte berean. Oso ezaguna zen Anjel, jai-alai munduan eta baita ere handik aparte. High class-eko jende artean mugitzea gustukoa zuen Brasilen jaio eta Villabonan hazitako txantxangorria. Arrakasta haundiz gainera, emakume artean batik bat, hizlari eta dantzari trebea,

Avak gogoko zuen Anjel (Einyol). Eroso sentitzen zen bere aldamenean, ez da harritzekoa. Ugartek badu doai berezia, emakumeengan sortzen duen atraktiboa, zalduna izateaz gain, xamurtasunez hitz egiten die, helaraziz entzun nahi dutena, euskal zakarkeritik guztiz kontrakoa.

Atxagatarrekin afaldu genuen ilunabar hartan. Bernardok azalpenak eman zizkion Avari Obaba munduari buruz eta, aldi berean, konbitea luzatu zion Asteasura joateko «Muskerraren Bidea» ezagutzeko. Ava oso interesatuta azaldu zitzaion eta gero, guri esan zigun bezela, espero zuela egunen batean Bernardok Nobel saria eskuratzea, zorte haundiena opa ziola asteasuarrari.

Biharamunean, hau da, joan zen larunbatan, Donostiara hurbildu ginen hirurok Zalduondotik, Felix gidari lanetan. Avak jai-alai partiduren bat ikusi nahi zuen, Tijuanan behin egindako bisita, geroztikan irrikitan zegoela zesta-punta partidu bat ikusteko. Okasio ezin hobea Carmelo Baldara hurbiltzeko, Jai Alai World Tourreko finala bertan jokatzeko zen larunbatean, seirak aldean. Bazkaldu Altzako Martillun jatetxean egingo genuen, Txirritari bisita eginez. Avak Txirrita ezagutu zuen La Habanan, Antonio Zavala jesuitarekin joan zenean, Martin Odriozolak kudeatzen zuen Toki-Ona ostatuan. Txirritak esan zion Avari noizbait Donostiara etorri ezkero, Altzara joateko, Martillunera, bertan zuela bere txokoa. Bakailu tortilla, tripaki kaxuela eta sagardo puskarekin ospatuko zutela.

Sartu ginenean Martillunean Txirrita bere hiloba Joxe Joakin eta beste lagun batekin -gero konturatu nintzen Juanmari Irigoien zela- mahai baten bueltan eserita zeuden. Sustoa Txirritak hartu zuen Ava ikusi zuenean aurrez aurre. Batek daki zer pasatu zen bere burutik, eldarnioren bat, mozkorraldia… Kontua da Txirritak Ava ikusi zuenean hitzik asmatu ezinean geratu zela. «Jose Manuel, how are you doing», zer moduz zegoen alegia. Totelka bada ere asmatu zuen Txirritak, esanez: «Mundu hontan nere begien aurrean ikusi dudan gauza ederrena nere begibistan daukat momentu hontan». Bi musu eman eta gero, Avak atximur bat egin zion Txirritari masail batean. «He´s so cute», esanez, xarmangarria zinez.

Anjelitoren apetitoaren jakinaren gainean nengoen baino gehien harritu ninduena Avaren sakea izan zen. Denetatik frogatu zuen. Bakailu tortilla, tripakik, mingaina saltsan; postre bezela mamia. Digestioa egiteko, kafearen ondoren, «Magno» kopa bana hartu zuten Anjelitok eta Avak. Topa eginez: «For the good old times», garai zaharrak gogoan.

Konturatu orduko Carmelo Baldara joateko ordua heldu zitzaigun, jaialdia seiretan hastekoa baizen, Felix zain genuen Cadillac berdean.

Anoetara hurbildu ahala sekulako jendetza somatu genuen frontoiaren inguruetan, Realaren etxeko partidu egunetan bezala. Ertzainak autoetan, «konejeretan», munipak motorretan eta oinez. Pilotalekuaren atarian jende mordo bat, kazetari ugari, telebista kamerak nonnahi. EITBk biharamunean erabili behar zituen ekipo guztiak Donostiako Estropadak betetzeko, Anoetarako bidea hartua zuten, Ibon Gaztañazpi, Mikel Olazabal, Carmelo Baldara hurbildu ziren. Baita Iñaki Elortza, «Txapas», Euskadi Irratiko kirol esataria, jainkoaren lehiakide sutsuena; izan ere, kazetari honek egun berean kubritu lezake. «La Pamplonesa» emanaldi bat Iruñean, goiz berean Errioxatik eskuzko partidua eta arratsalde partean Hernaniko Galarretatik Buruz-buruko erremonte finala, bitxia benetan. Ez da harritzekoa beraz Baldan azaldu bazen.

Nonbait zurrumurrua hedatu zen hirian; Baldara Hollywoodeko aktoresa hospetsu bat joatekoa zela, divaren bat; baita jendea franko inguratu. Felixek Cadillac berdea frontoairen pare-parean gelditu zuen. Autotik irten zen lehendabizi Anjel, segidan atzeko atea ireki zion Avari, eskua luzatuz, zaldun bati dagokion moduan. Orduan hasi ziren txaloak, bibak eta ongi-etorri ohiuk. Avak besoa altzata agurtu zuen jendea, irrifarra ezpainetan, eskuarekin musuk bidaltzen zien bertan zeudenei. Bistakoa zen ohituta zegoela halako harreretara. Bi bizkarzain atzetik geneuzkala sartu ginen Carmelo Baldan.

Eskailerak gora abiatu ziren Anjelito eta Ava besotik helduta bi amorante moduan, ni atzetik nijoala lehenengo notak somatu nituen, piano batenak aurrena, bateria, gitarra eta xasoa gero, ahots bat denen gainetik. «Audience»! pentsatu nuen nire artean. Ager, bere anaia eta Hanot…

Gora iritsi ginenean sekulako ustekabea nirea, Ager, bere anaia eta Hanot hantxe zueden euren tresneriarekin; espero ez nuena inondik ere Peter Cincotti New York-keko piano-jazz musikaria. Honek Ava ikusi zuenean ongi etorri moduko irrifar batekin hartu zuen, kantari segitzen zuen aldi berean: «All you have to do is touch my hand to show me that you understand and something happens to me that´s some kind of wonderful»… Bai, arrazoi zuen kantariak, zoragarria zen Ava bertan izatea, zoragarria bihurtzen zuen Avak une oro bere presentziarekin. Halako klase handiko «diva» non eta jai-alai batean. Anjelito kabitu ezinean zebilen, irrifartsu, eskua han hemenka emanez, besarkadak ezagunei. Maitea da Anjelito zesta-puntaren unibertsoan, seme kuttuna. Pilotaren hotsa somatzen zen baino ozta-ozta, hango buila, musikarekin nahastuta, giro paregabea sortzen zuen. Denek ikusi nahi zuten Ava, beregana hurbildu, ondoan, izan ere, bere presentziak some kind of wonderful, zerbait zoragarria suertatzen baitzuen.

(Jarraituko du)

 

Deja un comentario