Su zelaiak Baldan

Euskal Herriko Iparraldea, 1914an gaude. Ezkilak dandaka ari dira hainbat herritan. Frantzia gerlan murgildu da. Ezkilen joaren helburua gazteak deitzea dute. Mobilizatzeko tenorea, gazte euskaldunak gerlara deituak baitira. Mikel Peruarena-ren «Su zelaiak» nobelaren hasiera da. 15.orrian ondorengo pasarte hau irakur dezakegu. Ederra –nire ustez- eta sinesgarria.

«Sarako errebotean, partida gaitza. Espartin xuriak urratu eta belztu arterainoko guduan ari dira, zein baino zein, Katxo eta Laborde erretorea batetik, Dongaitz anaiak bertzetik. Martzel Garikoitz xaxaria, txotx bat eskuan, puntuen kirrimarratzen ari da errebotearen bazter batean, lurrean berean. Epaile dute Txantxin, zeina tenore honetako ardo bat edo bertze edana baita. Partidari behea dira jaun erretorea, jaun medikua, jaun mera eta zenbait laborari, aziendez eta udaren lehorraz eta bazterrak oro xehakatu behar dituzten bele eta mika tzar horiez solasean. Badira ere emazteak, aterki beltz handien gerizpeetan gehienak, bero baita agorrilaren lehen honetan.

Hamar liberatako trabesa jokatu baituzte Kanboko Xikitok eta Arno Suertegaraik, Xikitok «Biba beltzak!» oihu egiten duen aldi oro Arnok «Biba xuriak!» dio ihardesten. Berotuak direnez gero bi-biak, eta pilotariei baino arreta handiagoa ematen baitiote elkarren espantuei, mutiko saldo bat irri karkailaz ari zaie gibeletik, non eta Laborde erretoreak indar guziz jo baitu pilota, eta matelezurrean kolpatu haur horietarik bat. Lurrean jarri eta, Elena Sistiagek artatu du, Martzel igorririk gurasoen xerka. Elenek ebatzi du: bi hortz hautsirik ditu haurrak; deus larririk ez, sortuko zaizkio berriak.

Laborde jaun erretoreak ez du haurraz arranguratzeko oren laurdenik ere, jendarme bikote batek erreklamatu eta eraman baitu. Jendarme horiekin mintzaturik, «ezkilak beharko ditugu jo, beraz!» garrasi egin eta lauko batean abiatu da Laborde jaun erretorea, orain sotana gerrian trenkatua duela ohartu ere gabe, elizari buruz».

Larunbata, arratsaldea, Donostia. Dudan egon naiz «Su zelaiak» nobela irakurtzen jarraitzea edo beste plan bat egitera. Etxetik irtetea deliberatu dut. Jaialdia hasi baino ordu erdi lehenago heldu nintzen Balda pilotaleku ingurura. Sarreraren aurretik pasatzen ari nintzela hamazazpi bat urteko planta ederreko mutil bat hurbildu zitzaion nire ustez igerilekutik zetorren (boltsa bat zeraman sorbaldatik zintzilika) gizon bati. «Tiene algún plan para esta tarde», galdetu zion erderaz mutil gazteak. Zerbait erantzun eta aurrera jarraitu zuen gizasemeak. Ondoren, niregana hurbildu zen mutila. «Tiene algún plan para esta tarde, aquí mismo (sarrera seinalatuz) hay dos partidos de cesta-punta… Son de Campeonato de Parejas»… «Ederki», esan nion. «Hamar euro sarrera, bost, kirol txartelaren jabe baldin bazera». Bost euro ordaindu eta aurrera egi nuen Xanti taberna aldera, bertan kafe bat hartzeko asmotan. Mutil gaztea gustora; baita ni ere. Ez zekiena zen arratsalde osoan ez zituela ni bezelako «planarik gabeko» morroi asko harrapatuko.

Olha, Alliez II eta Olharanek parte hartu zuten jaialdian. Lehenengo biak bikote osatuz, bere garaian Dongaitz anaiek egin zuten bezela. Iparraldetik honuntza ez dakit ezkilen dandaka entzun ote zuten, izua hezurretariano sartuz. Arratsalde beltza inondik ere hirurena, batik bat Olha eta Alliez II, itxura itsusiena Olhak erakutsi zuen. Zeinek esan. Berez borrolakaria peto-petoa dena gerlaren beldur?

Martzel Garikoitz xaxaria eta Txantxin epailearen ordez, bi juje historikoak Baldan, Imanol Yanguas eta Juanito Mendiola «Butaneroa». Harmailetan 200 bat lagun aurkitu ginenak beste plan hoberik gabekoak. Aterkirik gabeko emazteak, haurrak bai suelto, pilotak ez zuen inor zauritu. Migel Gallastegi legendarioa bertan zen. Baita aulestiar bat: Felix Ibarra adiskidea. Luis Urbistondo Alain semea alboan zuelarik. Arregi intendente ohia. Aurpegi ezagunak asko. Baita, Kanboko Xikito eta Arno Suertegaray espantuka elkarri, batek daki, agian.

Olha pelotari bikaina da. Iazko denboraldian aukera izan nuen bera askotan ikusteko, pilotaleku desberdinetan. Berebiziko kanpaina egin zuen Iparraldeko puntistak; erregularra, lehiakorra beti. Suge bat akabatu nahi baduzu burua zapaldu behar diozula, diote; hala Olhari irabazi nahi bazenion aurreko urtean. Larunbatan ordea, Garazitarrak beste plan bat hobea izan bazuen hobe. Beltza eguna, negargarria. Behin eta berriro erreparatu behar nion kamisetaren bizkar aldera; izena «Olha» ipintzen zuen, jokoaz berriz… Sake faltak, paloak, behartu gabeko hutsak… «Mon dieu, horreur».

Bizkarzain lanetan? Txantxetan ala? Alliez II. Ahula benetan bere jokoa, egun beltza baino esango nuke bere ohiko jokoa dela. Bi lagun behar omen tangoa dantzatzeko, amerikar esaerak dioenez. Noraezeko dantza baten simulakroa egin zuten bi «frantsesek». Ez dut imajinatu nahi nolako umorea izango zuen Olhak etxerako bidean; sekulako auto andanak omen daude egun hauetan mugan, kilometroak autoak bata besteraren atzetik muga gainditu nahian. Gerlaren beldur? Ezkilak dandaka Frantzia osoan?

Aurrez izan zituzten Erik –Daniako izar nagusia– eta atzeko kuadroetan Lekerika, izar bidean Danian baita hemen ere, 21 urteko gernikar gaztea. Behartu gabe irabazi zuten partidua. Izerdi haundirik isuri gabe. Hala ere, irudi ona eskeini zuten Gernika Jai Alai-ko ordezkariek. Bikote polita. Suarekin frogatu behar dela urrea diote; Erik eta Lekerika ikusi nahiko nituzke jada izar kategoria dutenen kontra. Semifinaletan gertatuko zaie; izan ere, larunbatekoa kanporaketa sisteman jokatzen zen. Irailak 2an Zumaian neurtuko dituzte indarrak Goiko eta Etchetoren aurka. Ederra partidua, ustez behintzat. Erik-ek erakutsi behar du Danian ematen duen maila ez dela arrakasta lokala soilik, baduela gaia. Eta hori erakusten da Goikori abantaila emanez. Ez dago Triple Koroa hoberik hori baino.

Olharan gazteak ere ez zuen irudi ona eman. Berezkoa du joko bizia, arrankea. Aurreko larunbatan ordea izututa somatu nuen, indarrak gordetzen Miarritze eta Donibane Lohitzuneko? Izan ere, uztaila eta abuztuan partidu gehiegi dituzte jokoan. Su zelaiak bihurtzen dira udan Iparraldeko pilotalekuak. Indarrak gorde behar. Beaskoetxea eta Aldazabal gozo eta eroso ibili ziren Olharan eta Erkiaga II.ren kontra. Txapelketa honen iazko irabazleak, aurte ere ez dira urruti izango. Finalerdietan aurrez izango dituzte Egiguren II eta Enbil (Katxo eta Laborde) Kanboko Xikitok eta Arno Suertegaray-k lanak izango dituzte bikote irabazlea asmatzen, «xuriak» eta «beltzen» artean. Sarako errebotean ez, Zumaian baizik erabakiko da, irailak 2.an.

 

 

 

Deja un comentario