Etxetik irten aurretik lehiotik begira jarri nintzen, Igeldorantz. Laino gutxi itsaldetik; bazen garaia hainbeste laino ete euri ostean. Ordubete falta zen jaialdia hasteko baino patxadaz abiatu nintzen Zumaiarantz, presarik gabe. Ez nuen ezagutzen frontoi berria, ezta nola heldu bertara. Hobe denboraz joan. Bideaz eta, bazterrak, hain gogokoak ditudanak, gozatuz.
Zumaiako irteraraino joan ordez, Zarautzkoan irten nintzen, autopista utzi eta «zaharretik» nire kuttuneko paisajean sartu nintzen, garaiz nijoan aitzekiaz. Zenbat aldiz egin izan nuen gauza bera. Telefonoz gelditzen ginen. «Hiruretan…?» «Bai», aitaren erantzuna. «Bale, betiko tokian, surtidorean (gasolindegia)». Markinara, Gernikara, Berriatura… Pilotaleku batera, horixe izaten zen gure helburua. Pilotaren hotsa paretaren kontra, gogokoa genuen. Isildu gabe joaten ginen, pilota kontuak hizpide, hitz gutxikoak gara baino pilota tartean bazen, ez ginen nolanahi isilduko. Are gehiago, nik irabazten banuen edo, Jonek -urteak geroago- bere txanda ailegatu zenean. Gozo bueltatzen ginen.
San Pelaioko (Iñurritza) surtidoreari begiratu bat eman… eta aurrera jo nuen, trafikoa haundia, pozik hala ere, ezker-eskubi nire begiak, haurtzarora nire gogoa. Non jolasten genuen, garai hartako baratzak zementuz beteak. «Gran Hotel» eta Miramar, jauregien ordez, solairuzko etxeak. Zutik eusten dion eraikin bakarra, Hotel Zarauz izango da. Joanak dira gainentzekoak. Autoz egiten ari nintzen bidea, San Pelaiotik Parrokia ingurura, «kalera» joatea deitzen zioten gure aiton-amonek. Gune urbanora joatea, alegia.
Parrokia eliza aldamenetik Getariako bidea hartu nuen. Marea nola ote zegoen, itsasgora, ondarrarik gabe ondartza. Jende erruz paseoan, giro ederra, eguzkia nagusi. «Aiten Etxe» ezkerrean, hor ariko da Jabier lan eta lan. Arrantzaleak euren kainaberarekin itsas ertzean. Txalupa ugari uretan, txitxarrotan kazean batzuk, txibitan besteak, denetatik seguruenik. Ó, Zarautztik Getariako bide hau, zein gogokoa dudanez, zenbat oroitzapen. Zenbat ordu, «sumarina» (urpean arrantzan), kainaberaz, bainoak hartuz, bazkariak, pik-nik, gurasoekin.
Heldu naiz Getariara, Elkanoren ohorez egindako mausoleoaren paretik pasa. Egia ote Elkanok ez ziola batere inportantziarik eman munduari bira ematen lehendabizikoa izanari; edo kondaira ote euskaldunak zein apalagak geran adierazteko.
Getaria utzi eta gozamenak ez du etenik, kostaldeko errepidea zoragarria da, eguzkiak agintzen duenean edo, berdin zait negu gorrian, olatuak erraldoiak direnean. Xarma du paraje honek. Askizura eramaten zaituen errotulua ezker aldian. Horkoa omen zen gure berraitona Manuel, bertsolaria. Elgoibarrera joan aurretik, tailer batean lana egitera. Gure sustraiak beraz, hortiz datoz, nire artean.
Hurbiltzen ari naiz Zumaiara, itsasoan txalupa asko. Orruako hondartza eskubian, sargotan ari den arrantzale bakarren bat ageri da. Ni neu ere, ibilia naiz paraje hauetan kainabera luzearekin, kortxoz, sargo edo lupien atzetik. Joxe «Agote»-rekin (Olaizolatarren, Bitxor eta Joxemariren, aita) arrantzan.
Santiago ondartza, Zuloaga museoa, aurrera noa Zumaiako sarrera da. Dani Carballok esandako bidetik apurka-apurka heldu naiz frontoia kokatuta dagoen ingurura, auzo berria, dotorea, Aitzuri kalean aparkatu det autoa, Aitzuri frontoitik 100 bat metrora. Ederra eraikina, elegantea, modernoa. Lehendabiziko inpresioa ezin hobea. Arkitektoak asmatu egin duela iruditzen zait, auzoarekin, inguruko etxeekin, armonia.
Espaloi zabalak, eserlekuak, adineko jendea tertulian. Pilotalekura inguratu ahala, animazioa sumatzen da dagoeneko, hogei minutu falta arren jaialdia hasteko. Karpa batzuk, jende gaztea hara eta hona, prestatzen ari dira bi partidoen artean eskaniko duten afaria, marmitakoa eta txakoliña. Aurpegi ezagunak bolondresenak, pilota eskolakoak, gurasoak, txartelak saltzen, atea zaintzen, bolondresak. Ekonomia soziala indarrean. Auzolana.
Behin barruan, eroso sentiarazten dizu. Espazioa harmailetan, kantxa beltzez margotuta, kolore granatez gaikaldeko toldoa. Ederra hitz batean. Bero sapa. Dagoeneko eserlekuak ia-ia beteak. Kantxan berotze lanetan lau pilotariak, bigarren eta hirugarren postuaren atzetik borrokatzeko asmoarekin atera dira. Egiguren II eta Ibai Erkiaga alde batetik; Olharan eta Inza besteak. Topo egiten det Iñigo Gorostola-rekin «Kakatza». Danian «Arrieta» izenarekin jokatzen du. EITBrako esatari lanak egitera etorria da, jaialdia grabatuko baitute. Aukera ona «Kakatzarena» komentarista bezela, hitz jarioa erraza, bizkaieraz naiz giputxeraz, biak menderatzen ditu. Ez da lantegi samurra alkatxofa aurrean dezula bapatean iritzia eman beharrekoa. «Kakatza» ez da mutu geratuko, ez dago kuidadorik, alajaina!
Tanto gutxi batzuk nahikoak konturatzeko kantxa naturala dela, pilota estrainoak egin gabe ateratzen dela frontistik. Kezkagarria izaten da pilota «eskapadaz» eta horrelako jukutriaz ibiltzen denean. Aitzuri pilotalekua, hortaz ere, naturala ageri da. Pilotak, materiala alegia, jokatzekoak. Ondo egokitzen dira kantxara. Lana egiteko pilotak, pilotariak luzitzeko. Erreboteko paretara iristen dena, dominatzen du. Errebotetik min egiteko, ezinezkoa, Goiko tartean ez bada bederen. Lehia bizian aritu ziren Hegoaldeko eta Iparraldeko lau pelotariak, majo sufritzen, tanto luzeak. Olharan «frantsesa» aurrelari bizia da, nerbio haundikoa, polita ikusteko, ausarta. Aurre egiten ziona Egiguren beteranoa, saiatua. Hilabete asko pulamentuz jokatu gabe egon arren, ondo eusten dio mailari. Atzean Erkiaga eta Inza, langileak biak. Inza lapurtarrak errazago iristen errebotera errebesarekin; bizkaitarra berriz, min gutxiago egiten du, pilota gehio behar edo frontis biziagoa. Lehendabiziko jokoa Iparraldeko bikotearen alde erori zen, 14una berdindu ostean.
Gauza bera bigarren jokoan, peloteo luzeak eta tarteka erremate politak. Jendea gustora sumatzen zen. Goi mailako neurketa baten aurrean geundela begibistakoa zen. Aldamenean nuen Iñaki Elola-ri («Tximela») komentatu nion deigarria egiten zaidala Iparraldeko pilotariak nola animatzen diren elkarri, zein lehiakorrak diren, etengabe animoak ematen dira, haserretu ere, nola gainera, batzutzan pasa ere bai, epaileekin esate baterako. Bigarren partiduan kontu hau nabarmenagoa izan zen. Bazirudien Frantziako Selekzioa Munduaren kontra ari zela. Hura bizitzea partidua. Amorrazioa nolakoa ere.
«Charli» Urizar inguratzen zaigu, oporretan etorria berria da Floridatik markinar jakintsua. Gutxi izango dira bera bezainbeste pilotaz dakiena. Iritzi zentzuzkoak beti.
Bi partiduen tartean, afari lege bat. Sarreran, atarian, antolatuta zeukaten txuku-txukun, mostradore batzuk. Iritsi orduko kolan egon behar. Gosea gainera. Halako batean lortu nuen nire platertxoa, eszena hura zera zekarkien gogora, presoak nola, zerrendan, eguneko elikadura bakarraren zaiz, salda zikin bat jasotzeko, gogo txarrez jateko. Nire platertxoa berriz, marmitakoz betea ez baino, eusteko adina bai, naiz bila eta begira egon arren hegaluzea non ote zegoen pataten artean. Gustora sartu zitzaidan hala ere, mokadu hura. 12 euro ordaindu, bi goi mailako izarren arteko partida ikusteko aukera izan, gainera afari-lege bat, txakoliña nahi zuenarentzat. Kejatzen hasten dena joan dadila futbola edo saskibaloia ikustera edo antzarrak ferratzera.
Plater ona, bete-betea, bigarren partidua. Ezaugarriak nolakoak gainera. Goiko eta Enbil alde batetik; Olha eta Etxeto bestaldean. Jolasa gutxi eta jokatzeko grina ugari.
Game of thrones, tronuen arteko jokoa. Invernaliara Iparraldetik etorriak Olha eta Etxeto. Ausartak, lotsagabetuak «frantsesak». Non eta Zumaian kontu eske. Zeini eta ez dakit zenbat aldiz, bost?, sei bider Munduko Txapeldunei. Ez zekiten non sartuak ziren, jende gehiena herriko semeen alde bultzaka.
Baino ez. Badute «frantsekek», lehen aipatu dudana, borrokarako grina, ez etsitzeko sena, ikasiak dira horretarako, ez dakit non edo nola. Borrokalariak dira. Izenaz eta sonaz ezin parekatu bi bikoteak. Izenaz eta izanaz soilik ez dira partiduak irabazten. Zorionez badira beste elementu batzuk, grina tartean.
Goiko ikusi bere kasko eta saski tuneatuarekin, zein ordezkatzen ote? Lanistetarrak, Ed Stark jauna berau ote? Hori det jotzea, pilota astintzea. Joan zaitez Aitzuri pilotaleku berria ezagutzera, Olharanen progresioa, Etxetorena, edo marmitakoa jatera. Merezi du ordea, ikustea Goiko eskubiz erreboteatzen. Nolako zartakoa, abiadura. Ezkerrak materiala, pilotak alegia, normalak zirela, ez biziak ez motelegiak, bestela larrialditako sanitarioak kantxan sartu beharko izango zuten. Jotzaile haundiak ezagutzeko parada izan degu, Egurbide etortzen zait gogora. Eskubiz, errebotez baino, inor ez Goikoren parekorik. «Charli» Urizarren burutzaioak zein ote ziren honen gainean.
«Zezen gorriak», «hegoak ematen omen ditu». Mesedez, Goikori dagozkionak utz ditzaztela beste edozeinentzat, beharrik ez.
Enbil, nola moldatuko ote zen urtebete apenas jokatu egon ostean, bazen jakinmina. Txukun, duin, lan asko eginez, eusten, serio. Huts batzuk egin zituen, frontis gaineko koltxoira pilotakada batzuk jaurtiz. Normala, partiduen faltan dagoenarentzat. Bestela, lan bikaina egin zuen zumaiarrak. Gozamena da Gotzon jokatzen ikustea naiz azken ziaboga pasatuta egon arren.
Olhak berebiziko denboraldia egin zuen iaz, goi mailan beti. Miresgarria, aztertzen dezu bere jokoa eta ezin nabarmendu gehiegi; agian errebesez ematen dion «bajonazua», indar haundikoa. Badu Olhak zerbait, arrankea da. Tanto bakoitza jokatzen du bere bizitzako azkena balitz bezela, behin eta berriz. Atzo, «Santiyo» eguna, Olhak lanak eman zizkien Goiko eta Enbili, garesti saldu zien txapela, sufrituaraziz. Kolorerik ez zeukala iruditu arren eutsi egiten zioten markagailuari. Gero bada beste faktore bat, joko edo set sistemak, lagungarri egiten zaiela bikote «ahulei», naiz joko bat galdu, berriro hasten de beste bat, arranke haundiko pilotarien mesederako.
Joko edo set sistemak gero eta gehio konbenzitzen nau apustu gabeko garai hauetan.
Banuen gogoa Etxeto jokatzen ikusteko, urteak dira afizionatutakik ezagutzen nuela. Denbora dezente jokatu gabe egonda belauneko lesio larri bat medio. Ondo ikusi nuen, mobilidade haundia du kantxan. Ez da gizon haundia baino pilota ederki ateratzen du, oso lehiakorra, amore ematen ez duena, Olharekin bikote haundi bat osatzen dute. Horiei gainditzeko ez dira bikote asko izango, Goikok eta Enbili hestu hartu zieten.
Ozta-ozta irabazi zuten bi jokotan zumaiarrek, lan franko eginda. Rodajea falta zaiela Goiko eta Enbili, agian denboraldian aurrera egin ahala, koska haundiagoa aterako liekete Iparraldekoei. Atzokoan ordea, parean ibili ziren, espektakuluaren mesederako.
Gabeko hamaiketarako ordu laurden bat falta zela bukatu zen jaialdia, sari banaketa egin aurretik alde egin nuen. Gibelean utzi nuen Aitzuri frontoi ederra. Zorionak zumaiarrei, posible egin dezuen guztiei. Harro sentitzeko Aitzuri pilotalekuaz; aitzekiarik gabeko jauregia.