Irribarria: Uzta Berria

Martin etorri zait dendara bisita egitera. Martin pelotazale amorratua da. Aspaldian ez ginela elkartzen; lehen, polikiroldegiko igerilekuan egiten genuen topo. Utzi nion joateari eta denbora dezente ez nuela ikusten. Martin zaharrentzat egoitza batean bizi da eta, esaten nuen bezela, pelotazale amorratua da. Horrek batzen gaitu. Hasten gara pelotaren gainean hizketan eta denbora aise joaten zaigu. Martin ez da isiltzen. Asko ikusia da eta asko entenditzen du.

Polita behin gertatu zitzaiguna. Iristen naiz polikiroldegiko aldageletara, bertan zen Martin. Hasi ginen kontu kontari; Altuna III alde batetik, Rezusta bestaldetik; azkenean ordubete berriketan eta buelta lanera igerilekuan oinak bustirik gabe.

«Aizu Martin», esaten diot. «Ikusi al zenuen Irribarria Olaizola II.ren kontrako partidua»?

Ez nuen erantzunaren itxaron beharrik, galdera inozoa inondik ere.

«Espero al zenuen halako emaitzarik»?

«Begira, Zulaika. Nere grupoan (whatssapaz ari ote? Martinek ere whassapa ote du?) 22 eta 16 jarrita neukan, Irribarriaren alde».

«Egitan»? esaten diot. «Usten zenuen gazteak irabaziko zuela»…?

Berak baietz. «Irribarria Antiguoko torneotik ezagutzen det, 14 urte zituenean. Seguro nengoen Aimarri irabaziko ziola»

Nik ez nuen ikusi Irribarria buruz-buru jokatzen Jaunarenaren aurka ikusi arte. Sekulako doaiak dituela mano-mano jokatzeko iruditu zitzaidan. Are gehiago, bukaeran Jaunarena buru makur, lur jota ikusi nuenean, harrituta gelditu nintzen. Ematen zuen egun txar baten ondorioz galdu zuela neurketa, meritu gutxi egin zituela, alegia. Nere inpresioa, ordea, bestelakoa zen. Atropeilatu egin zuela Irribarriak, erasoko jokoari esker, gainetik pasatu ziola. Baino, tira. Jaunarena zen, pelotari apala, ezer gutxi ikusteko zuena haundiekin parekatuz. Beraz, bada, ikusiko genuen hurrengoan. Goizuetako «Ehiztariaren» aurka. Hor ikusi nahi nuen Irribarria.

Martin hasi zait Barberito, Gallastegi, Azkarate etabarri buruz mintzatzen. Den-denak ezagutu dituela, gaurdaino. Buruaz, ordea, aditzera ematen dit Irribarria gaztea bezelakorik ez dela sortu. Nik, kontra egin nahian, zera esan diot. «Ikusiko dugu hurrengoan, Bengoetxearen aurka, ea kapaz den errepikatzeko Aimarren kontra egin zuena». Ni, Bengoetxearen zale bainaiz. Gutxiagorekin ezin atera errendimendu gehiago jokoari. Letamendia sendagileak zioen moduan: «Listoa da Bengoetxea», pizkorra alegia.

Irrifartsu begiratu dit Martinek, nitaz errukituta. «Bai gizona, Bengoetxearekin egingo du Olaizolarekin egin zuena, berdin-berdin. Horrek (Irribarriak) dena kalkulatuta dauka, injieneri mekanikoa da». Ez dakit zer esan nahi zuen Martinek horrekin, gizaldi berri batekoa edo beste mundukoa ote da 19 urteko gaztea?

Nik, berriz, ikusi nahi dudala Aramakoa (Gipuzkoa) atzetik markagailuan, hor ikusten dela pelotaria, benetakoa. Argudioari indarra eman nahiean erantsi diot: «Tanto batzutan bete egin zela Irribarria, iruditu zitzaidan. Arnasa berotu zitzaiola».

«Martin, kafe bat jokatzen dizut ni Bengoetxearen alde».

«Eginda dago», erantzun dit.

Udaberria heldu da eskuzko pelotazaleentzat, uzta berriarekin batera. Arrartek (puntista ohiak, artekaria) duela aste gutxi batzuk iragarri zuen prentsan: «»Irribarriak hiru urte barru den-denak gaindituko ditu buruz-buru».

Motz geratuko ote da?

Irribarriarekin uzta berria heldu da esku hutsezko soroetan.

Ni ere har eta zur geratu nintzen Irribarriaren erakustaldia ikusten ari nintzela. Normalean, gazteek jo haundikoak direnean, huts galantak egiten dituzte. Aramakoak, ordea, estrategia nagusia du atzera jokatzea, egundoko pelotakadak joz.

«Erreuma gutxi du ezker besoan», esaten diot. «Guk bai erreuma galanta. Horrek aizkorarekin moztuko luke Larrunarri (Txindoki) mendia».

Udaberria iritsi da eskuzko moldean Irribarriaren sorrerarekin. Emango du zer esana. Astinduko ditu bazterrak 19 urte besterik ez dituen aurrelariak. 14 urte zituela ezagutu zuen Martinek Donostiako Antiguako txapelketan. Martinek garbi dauka zeinek irabaziko duen Bengoetxea eta Irribarriaren arteko partiduan. Nik ez, ordea.

Deja un comentario