Red Bullek hegoak ematen dizkizu, hegan egiteko aukera, gorputzez eta buruz. Albiste ona jaso deguna medioetan, aspaldikoa da baino egun hauetan eskaparatera atera da berriro. Iñaki Osa «Goikoetxeak» Red Bullekin akordioa batera heldu dela zezen gorriari propaganda egiteko.
Pozgarria da puntista bat, kaso hontan onena, ikustea baduela erakargarritsuna, txokotik atera eta Madril aldera joan izana, medioetan azaltzea, bere garaian Loeweren propaganda egin zuenean bezela. Batzuk ikusi dute zestapunta berpizteko ahalegin baten modura. Hau da, Red Bull interesatuta balego jai-alaia indartzeko asmotan. Nire ustez ez dira nahastu behar bi gai afera hontan. Alde batetik, Red Bull interesatuta dagoela «muturreko kirol» batean, exotikoa iruditzen zaiola, marketin ikuspuntutik zerbait ezberdina. Loewen kasuan bezela, Apple-i beste hainbeste edo Glades telesailan agertzea.
Hortik zantzuak ikustea Red Bull «Mesias» bat balitz jai-alaia salbatzera datorrela, pentsatzea. Hori bai dela hegoak hartu eta hegan egiten hastea. Zerriaren ametsa, ezkurra omen. Gure gremioa, kirola, zestapunta, gosez amorratzen dago, pobretikan noiz aterako gaituen esperantzarekin, ezkurra behar biziraupena bermatzeko. Zezen Gorriak aterako al dizkigu babak eltzetik? Inozoak gu hala espero badegu.
Duela egun batzuk beste notizia bat agertu zen medioetan. NER GROUPek 400.000 euro emango dituela hiru urteetan euskal pelotari laguntzeko, (a la pelota base), profesionalismoa alde batera utzita; afizionatu mailan, sustraietan zentratuz.
NER GROUP (Nuevo Estilo de Relaciones), enpresa ezberdinen elkarte bat da. Giza balioei garrantzi handia ematen diona. Koldo Saratxaga da elkarteko alma mater, buruzagia.
Diru kopurua inportantea iruditzen zait, edozein garaietan, are gehiago bizi ari garen hauetan, limosnak besterik jasotzen direnean. 400.000 euro –iturri partikularretatik, langileenak– ondo kudeatuta hegan egiteko baino helburuak aurrera ateratzeko aukera ematen dute. Interesgarria izango da ikustea nola bideratzen den diru hori.
Red Bull edo Zezen Gorriari bueltatuz, Goikoren zorioneko fitxaketaz, hitz bi. Momentuz berarentzat da protagonismoa eta sosak. Gaur edo bihar Red Bull inplikatu balitz serioski dirua ipintzen jai alaia bultzatzeko, NER GROUPek egin duen bezela, beste joko lekuan geundeke. Bitartean, anekdota hutsean geratzen da Goikoren fitxaketa, Loewerekin gertatu zen moduan.
Herri bat, hizkuntza minorizatu batek, kirol txiki bat gurea bezelakoak, ezin du egon hegoen zain, «Mesias» bat noiz agertuko ote den atetik. Arerioa barrun da, gure artean. Batasun eskasa. Herrian, euskeraren kasuan edo zestapuntarenean. Gutxi gera eta ezin elkartu, denak agindu nahi edo oztopoak jarriz elkar hartzeko.
Noiz ikusiko degu Jai Alive, Gernikakoak eta Iparraldeko Biarritz eta Donibane Lohitzun, denak elkartuta, bat eginda, Zirkuito potente bat osatuz, pelotari onenekin? Horra hor hegan hasteko baino kantxa egokiakorik, nekez. Hegan egiteko gero eta desio gutxiago daukat, nahiago lurra zapaldu idiaren moduan, mantso-mantso, apurka-apurka, urrutira joanaz.