Pelotari bakoitzaren ganbaran istorio bat gordetzen da. Aurrekoenak, China, Egipto, Manilan, Mexicon etabar ibilitakoenak, gureak baino harrigarriagoak. Gureak, ondorengoenak baino beteagoak. Hala ere, katea ez da eten, badu jarraipenik. Asteburu hontan, Beotibar pilotalekuan parte hartzen ari diren batzuk, baita ere datorren astean Markina-Xemeinen, aste gutxi barru Floridarako bidean izango dira. Ganbara beteko dute kontakizunez.
Sei hilabeteko kontratuarekin dijoazte. Ez dakite 24 aste pasatu eta gero, etxera itzuliko diren, edo sei urte eman eta gero. Bitartean, ganbara kontakizunez beteko dute, basarritarrek belarra gordetzen duten moduan.
Ez dute ezagutuko Daniel Guridik ezagutu zuen mundua. Guridi hau, Guillermo baino lau urte zaharragoa, Arrasaten (Gipuzkoa) jaioa (1906). Erretirua hartu eta handik urte batzutara hauxe zioen:
«Ondoen bizi zen lekuetan egon ginen, eta bertan gu ginen ondoen zirenak; hemen ez zegoen dirurik eta gu hor zehar dirua irabazten eta agortzen. Leku haietan diru asko sartzen zen, turismo lekuak ziren eta jendeak frontoian diru asko jokatzen zuen. Gu festa guztietara gonbidaturik egoten ginen eta bertakoen parera egotea nahi izaten genuen, etxeko andreari opari ederrenak erosiaz eta beharbada hilabeteko soldata han gastatzen genuen, baina pozik bizi ginen».
Daniel Guridik Egipton, Italian, Chinan, Manila, Mexico DF, Tijuanan ere bai, maleta hartu eta batetik bestera ibili zen trenez, baforez, edo… oinez.
«Gure itsasontzia azkena izan zen Filipinetara iritsi zena, japoniarrenak alde batera utziz. Gerra piztu eta Japonek Filipina Irlak inbaditu zutela eta, Manilan lehorreatu beharrean baino hego partean lehorreatzea suertatu zitzaigun. Portura heldu eta konturatu eta harritu ginduen barkuko kapitaina ziztu bizian utzi zuela ontzia. Ez da harritzekoa, guk lurra zapaldu eta handik minutu gutxira lehertu zen baforea; bodegetan 10.000 dinamita tona omen zeraman. Bertatik Manilara 600 kilometro, oinez. A zer abentura!
Eguberriak aurretik dozenerdi pelotari berri abiatuko dira Daniarantz, ganbara kontakizunez betetzeko desiran. Izango al da zer kontatu? Seguru baietz.
Zorte on! mutilak.