«Orhoit Gutaz», Pedro Alberdiren liburua irakurtzen ari naizela. Pasarte batera iritsi naizenean; hain justu, aipatzen duenean nola bigarren gerra karlistaren ondoren, fueroak kendu eta behartu zieten euskaldun gazteei soldadu joaten. Gure aitona Lorentxo zenarekin gogoratu naiz. Erderaz ezer gutxi jakin gabe, etxetik soldadu joan behar. Estualdi ederrak pasatuko zituzten arrotzen artean. Baita garai bateko pelotariak. Baserria edo herri txikia utzi eta erderaz apenas jakin gabe, hoa mundutik zehar. Sudamerikara, Egiptora, China, Filipinas edo auskalo nora. Ondoren aipatzen den pasadizoan, gure artean, garai bateko pelotariekin, ez ote ziren gertatuko antzerako istorioak?
1876 urtean karlistek gerra galdu eta fueroak kendu zituztenean jarri zen indarrean soldaduzkara joan beharra. Ordu arte, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik bolondresak joaten ziren, ez behartuak, Foruak hala bideratzen zituelako. Gauzak horrela, gazte asko nahigabez beterik egoten ziren soldaduzkako adin hori etortzeko. Naiz eta gehienek zer edo zer erderaz ulertu, behar bezela gutxik jakiten zuten. Horixe omen zen trabarik handiena hemengo mutil askorentzat. Jose Ramon Erauskinek honako pasadizoa kontatzen du bere Aien garaia liburu gogoangarrian:
Bi lagun gazte oso lagunak ziran. Bat zan Bartolo eta bestea Joxe Mari. Kintak arrapatu zituen eta aiek ere, besteak bezelaxe, joan egin behar. Beren izenak ematerakoan bildu ziran mutil asko, eta oien artean Bartolo eta Joxe Mari ere bai. Alako batean etorri zan sarjento beltz bigote-aundi bat, asi zan banakabanaka danai izenak hartzen:
–¿Usted cómo se llama? –Bartolo. –¿Cómo?
–Bartolo –esan zion berriz ere.
Orduan altxa zan eserita zegoen lekutik sarjento mutur beltz ori, eta, masaileko bat emanaz, esan zion:
–¡Bartolomé! ¡Bartolomé! Ez dakit noiz ikasi bear dezuten zuek zeron izenak esaten! –esan zion erderaz.
An gelditu zan gure Bartolo, masaileko bat artu eta oso lotsatuta. Bere laguna an zegoen atzean zer gertatzen zan dana ikusten, eta bere artean esan zuen:
–Bartolo tontoa atera dek! Bere izenaren ondoan me esan balu, etzitzaioken ezer pasako! Ni ez niok orrela arrapatuko, ez!
–¿Cómo se llama?
–Joxe Marimé! Orduan, berriz ere zutik jarririk, eman zion beste masalleko bat oni ere, esanaz: –¡Jose María! Ia urrengorako ikasten dezun!