Bazkaltzen ari ginen, eguneko menua, San Esteban erretegian, Andoaingo Goiburu auzoan. Dozena bat lagun jangelan, bakoitza bereari. Zerbitzari lanetan, Juan, jatetxeko nagusia, sasi-filosofoa. Halako batean, andoaindar batek –denok entzuteko moduan– galdera luzati zion Juani. «Olasagastik irabaziko al dio Erasuni»?
Asteburu hartan Andoaingo Pagate belardian sega apustua jokatzeko ziren Olasagastik eta Erasunek. Sekulako ikusmina piztu zuen bi segalarien arteko neurketak. Bolo-bolo zebilen gaia ez Andoainen soilik, baita Gipuzkoa osoan.
Galdera luzatu zioenean Juan sukaldeko bidean zen, bi eskuak platerez beteta. Derrepente, kieto, izoztuta bezela geratu zen gure Juan, idiak bezela so agindupean; baita jangelan geundenok. Segundo pare bat edo hiru pasatuko ziren, une hartan eternitate bat. Denok zain, ze erantzungo ote zuen Juanek.
Nik, eta agian beste baten batek ere, esperoko zuen azterketa sakon bat, bi segalarien ezaugarriak aztertuz, inolako konpromisua hartu aurretik. Aditu batek jokatuko zuen zuhurtziaz.
Horren ordez, Juanen erantzuna honakoa:
«Igual!».
Hau esan eta gero lasai antzean ekin zion sukaldeko bideari. Txasko galanta hartu genuen bertan bazkaltzen geundenok. Olasagastik Erasuni irabaziko al zion galderari. Juanek: «Igual». Ederra erantzuna.
Goiko inoizko singlista onena al da? Agian bai; agian ez. Baliteke. Igual. Ezin demostratu alde batera edo bestera. Izan ere, hasieratik gaizki planteatutako galdera delako.
Argi daukadana zera da. Goikok dituen ezaugarriak buruz buru jokatzeko perfekziotik gertu daudela. Den dena dauka zumaiarrak. Indarra, eskubia, errebesa, errebotea bi eskuekin, batik bat eskubiarekin. Kolokazioa kantxan ere oso ona du.
Ez ote zen gauza bera gertatzen Blenner-rrekin. Aurreko pilotari zaharrek esaten zuten Blenner villabonatarra izan zela inoiz ikusi den manomanista hoberena, sekulako koska kentzen zizkiela gainontzekoei. Cuban Salsamendi III.ak 38 urterekin Orbea I.ri irabazi zion. Miamin, 60.an hamarkadan «Fish» Echeverriak ere, joko ikaragarria zuela buruz buruko kinilietan. Zeresanik ez Churruca. Mutrikuku «Sultana», Fernando Orbearen arabera, Churruca zen ezagutu zuen singlista onena. Ondorengo hamarkadan, «in the seventies», Asis izan zen Miamin izar nagusia aurrez aurreko jokoan. Remen, Uriarte, Bolibar, Ondarres… Horiek ere sekulako ezaugarriak zituzten buruz buru jokatzerakoan.
Goikoetxea horiek baino hobea? Juanen erantzuna: Igual.
Nik buruz buruko jokoa konparatzen det billarrarekin. Billaristak hasten direnean euren txandan takada luzeak egiten dituzte, bola guztiak zuloan sartu arte. Beraz, akatsak erabakitzen dute. Banan-banako jokoak sekretu eta ustekabe gutxi ditu. Billaristen modura, sakez pilota atzeko zuloan ipini; dominioa dator ondoren. Eskumaz txik-txakera. Erreboteei probetxua atera, barrura edo bi-paretera.
Teoria erraza da. Espezialista izatea, beste kontu bat da. Goiko da espezialista bat. Asis, Churruca etabar luze bat izan ziren moduan.
Goikoren kasuan bada desberdintasun bat. Aurkariak. Errespetu guztiarekin ezin dira konparatu Goikok izan eta dituen kontrarioak eta aurrekoek izan zituztenak. Oraingoak askoz ahulagoak dira. Erreparatu besterik ez iraganako programak. Zeintzuk jokatzen zituzten ohorezko singlea 60-70-80ko hamarkadetan? Arrazoi nagusia oraingo maila bajua azaltzeko zera da: profesionalen kopurua, gaur egun txikia da. Kantitatetik ateratzen da kalitatea. Iraganan denetarik asko zegoen. Singlea jokatzen artistak, asko.
Dena dela, adostasun haundia lortuko degu esaten badegu Goiko dela inoizko espezialisten artean fenomeno bat. Perfekziotik gertu baitabil.
Jai Alai News-i erantzunez. Goiko inoizko buruz buruko pelotari onena ote den. San Esteban erretegiko nagusiarena: «Igual».