San Francisco (Ca); ez Saint Louis

Orain arte nik uste nuen –ni bezala askok– zesta-punta profesionalaren hasiera Estatu Batuetan Saint Louis-en (Missouri) izan zela, 1904an. «World Fair» edo Munduko Feriaren kariaz. Oker geunden. Lehendabiziko jarduera profesionala San Franciscon (California) eman zen, hiru urte lehenago; hain xuxen, 1901an.

Guzti hau itzultzaile eta idazle den Asun Garikanok ekarri du argira. Koldo San Sebastianek jarri zigun pistan eta, nik ere, jakinminez edo pausoren bat eman det ea San Franciscoko istorioa nolakoa izan zen jakiteko.

Zorioneko teknologiari ezker, internetez ari naiz, sartu San Franciscoko hemerotekan eta hara non agertzen diren Asun Garikanok desagertu zuena: bizpahiru kronika, argazki eta guzti.

1901. abenduko 9an, «The San Francisco Call» egunkarian, honako titularra irakurri dezakegu: «Euskal Pilota Ondo Ari Da». Irakurtzen jarraituz gero, kronistak kontatzen digu astean lau alditan jokatzen dutela. Jokoa Mexicotik ekarria izan dela; 15 urte lehenago Frantzian jaio zela eta «espainolek eraman zutela Hegoameriketara».

Neurketak: partiduak eta, kiniela sistema ere bai. Partiduak hiru pilotari beste hirukote baten aurka.

«Estatu Batuetan sartu da herrikoia bihurtuko dela komentzimentuarekin. Izugarrizko abilezia behar baita jokatzeko eta tantoak egiteko», azaltzen du kazetariak.

San Francisco hiriak, 1901an, 350.000 biztanle zituen.

Bezperan jende asko izan omen zen harmailetan. Hiru partidu ikusteko. Pilotari batek huts egiten zuenean edo pilotak ezker-paretaren gainean dagoen saria jotzen zuenean, kanpai hots bat entzuten zen.

San Franciscon nonbait «handball», esku pilotaz jolatzeko joera haundia izango zen; hain justu, honako aipamen egiten du kronikalariak: «Handball zaleek estimu haundia hartuko diote euskal pilota honi antzerakoak baitira. «Handballen» jokatzeko bezalako kantxa bat behar baita; hori bai, luzeagoa».

«Eder Jai» zuen izena San Franciscoko Central Parken eraiki zuten frontoiak. Frontisaren altuera: 15,24 metrokoa. Kantxa luzera, berriz, 60,96 mt. Ezker paretak: 12,19 metro.

Frontoiaren kostea, 35.000 dolar. 15 pelotariko kuadroa ekarri zuen Mexicotik Fermin Alonso managerrak. Hemen puntisten zerrenda:

Tucumán, Guerrita, Zabala, Urcelay, Ondarrés, Vergara, Careaga, Zalacain, Amiano, Madrileño, Lasa y Aldazabal.

Zorioneko albistea Asun Garikanok azalera emandakoa. Zesta-puntaren historia USAn berridazteara behartzen duena, hain justu. Espero degu joango direla azaltzen albiste gehiago. Errekuperatzen joateko jai-alaiaren iragana harrigarria.

Ikerketa lanetan murgiltzeak badu beste alde on bat, puntu batetik beste batera eramaten zaitula. Adibidez, 1901an, artean Cubako Gobernadorea, Wood Jenerala, estatubaturra, sekulako zaletasuna zuela zestapuntarekiko, egunsentian ensaiatzen zuela bere armadako kideekin. Are gehiago, Saint Louiseko frontoia irekitzeko, 1904an,  inplikatuta egon zela. Bere asmoa zen Basque Ball game (zesta-punta) USAn barrena zabaltzea zela. Kontu hauek beste baterako utziko ditut.

 

 

 

 

Deja un comentario