«Pelotariak, zestozko pelotariak, Ameriketan urte asko eginda etortzen ziranean, musikea joten jaken illuntzean etxe aurrean, eta jendeak baltseoan egin. Au musikeruak dirua atarateko asmatakoa izango zan».
José María Etxaburu, «Ondarroako Kontuak».
Etxaburu jaunak liburu hontan kontatzen duena: «Au musikeruak dirua atarateko asmatakoa izango zan», baliteke hala izatea. Udal bandako partaideek sos batzuk atera nahian. Dena dela, nik usten det badela beste zerbait. Hain zuzen, kanpoan urte dezente eman duen herriko semeari gorazarre egitea. Izan ere, Ondarroan bakarrik ez, baita beste herri batzuetan ere ematen baizen halako usadioa.
Entzuna daukat villabonatarrei beste hainbeste egiten zutela herrian. Hau da, pilotari bat itzultzen zenean musika-banda ateratzen zitzaiola estaziora. Daniel Guridi arrasatearrak ere gauza bera kontatzen zuen egin zioten elkarrizketa batean.
Duela egun gutxi Donostiako «Victoria Eugenia» antzokian Usandizagaren «La Llama» obra jo zuten. Irratian kontatzen zuten nola, XIX. hasieran, 18.000 pertsona bildu ziren «Norteko» estazioan berari itxaroteko, musika eta guzti.
Beraz, iraganan guztiz normala zen herri batean bere seme kuttun edo aspaldian herbestean ibili zenari, gorazarre egitea. Musikariek probetxua ateratzen ziotela okasioari? Agian bai, baino arrazoi nagusia bestelakoa zela iruditzen zait.
Guk ez dugu hori ezagutu, pentsaezina da musika-banda gure zain egotea Floridatik edo auskalo nondik itzuli eta gero. Biztanlegoa, bidaiatzeko aukerak eta moduak… ezer ikusi gutxi aurrekoekin. Soziologia aldatu egin da.
Ongi etorria egiteko usadioa lotuta zegoen, nire ustez, giro ruralak sortzen duen talde izaerarekin. Gu eta gutarrak sentimendua zeharo barneratuta zegoenean. Herri txikietan ez zuten askok kanpora joateko aukerarik izango, ofizioak bertan lotuta zeudelako. Bakarren bat joan edo itzultzen zenean, ahoz-aho bolo-bolo ibiliko zen kontua izango zen. Are gehiago, artista statusa zeukatenekin, pilotarien kasuan.
Gaur egun, balentriaren bat lortu dutenei bestelako gorazarre egiten zaie. Aldun Nagusiak Diputazioan hartzen dute, dominaren bat eskeiniz. Edo egunkarietan elkarrizketak egin.
Neri oso polita iruditzen zait Etxaburuk kontatzen duena: «musikea joten jaken illuntzean etxe aurrean, eta jendeak baltseoan egin»… Imajinatzen ari naiz, hainbat urte herritik kanpo ibili den pilotaria, Chinan, Egipto edo Cuban, herriminez, itzuli baino lehen zer nolako ilusioa edukiko zuen etxekoak ikusteko eta gainetikan herri oso baten errekonozimendua jasotzeko.
Herkideren bat baino gehiago egongo zen zain etorri berriaren ezpainetatik istorioak entzuteko. Nola bizi ziren han eta hemen… Ze erropak ekarriko ote zuten. Herritar askorentzat pilotariak erreferente izango ziren mundua nolako itxura zuen jakiteko.
Ni neronek, gogoan det nolako atentzioarekin entzuten nien Tolosako Beotibar frontoian Madrildik etorritako puntistei.
Beste garai batzuk ziren. Gaur egun, banda munizipalak desagertu egin dira herri gehienetatik. Atera kontuak.