Taxisa salgai

Etxera itzultzeko ordua. Hotelaren atarian gaude, taxisa geldiarazi eta aireportura eramateko esan diogu txoferrari. Ze aireportura joan nahi degun, galdetu dit. Prateko aireportura joateko hogei bat minutu behar dira Rambletatik, garaiz goaz, badaezbada ere.

Bagoaz, isilik. Txoferra gaztea da, hogeita piku urte ditu. Pep Guardiolaren Itxura du. Telefono mugikorretik deitzen diote, eta nire harridurarako, erantzun egin eta pare bat minutuz, solasean ari da. Autoari buruz… geldituko direla… «Autoa saldu behar dut hilabete batean, hegazkin txartela aterata daukat», esaten dit, bere burua zuritu nahian edo.

Ez naiz ni di-da batean taxistekin hizketan hasten diren horietakoa, baino ezin eutsi jakinminari eta, galdera zuzena egiten diot: «Nora zoaz ba?». «Txilera noa bizitzera», esaten dit. «Lanik ba al duzu han», nik. «Ez, bai ordea etxebizitza, neskalaguna han da», berak.

Orduan nik: «Nire lagun batek taxisaren lizentzia erosi zuen Donostian, duela 30 urte». (Sebastián Arruabarrena gogoan). «Zazpi kilo (pezetetan) ordaindu zituen, esaten diot.

(Nire artean) Hau marka. Garai batean hemendik Ameriketako bidea hartu zuen makina jende, nire izebak barne. Bizimodu hobe baten bila. Duela urte batzuk, berriz, Espainiako burbuila ekonomia medio, handik honuntza etorkin ugari. Kurpil zoroak ez du etenik eta, orain berriro haruntza, gure taxista gaztea lekuko, bizimodu berria helburu.

«Nik merke erosi nuen. Izan ere, izan zen denbora bat non udalak eskua sartu eta itxi egin zuela lizentzien salerosketa, prezioak murriztuz. Ondoren, epaiketetara jo zuen taxisten elakarteak, baita irabazi ere; orduan, prezioek gora egin zuten gogotik».

Ez nintzen ausartu galdetzera zenbatean espero zuen salerosketa ixtea.

Gure garaian gazteek ipurdi galtzen zuten Floridara joateko, hango frontoi bateko kontratua ametsetan. 88ko grebaren ondoren, hainbat eta hainbat pelotarik kontratuari muzin egin, eta etxerako bidea hartu zuten. Zer dela eta, kurpil zoroak etenik ez, berriro haruntza joateko zerrenda ikaragari loditu omen azken bolada hontan.

Prat aireportuko atarian utzi gintuen taxista gazteak. Zorte on, opa nion.
Nola bukatuko ote da istorioa, nire artean. Izan ere, leku guztietan -nik ikusitakoa behinik behin- txakurrak hanka hutsik.

(Atzo, uztailak 1, Bartzelonako taxistek 24 orduko lan etenaldia egin zuten, intrusismoaren aurka protesta eginez).

 

Deja un comentario