Faltan somatu nizun Karmengo Egunean

Faltan bota nizun Karmengo egunean. Deitzen nizun bakoitzean: «Joango al gera Markinara». Erantzuna aldez aurretik jakiten nuen. «Ze ordutan?». «Hiruretan ez al da berandu izango»?, berak. «Ondo da. Ordubi eta erdietan…», nik. «Bale, surtidorean, beti bezela», zuk.

Bi minutu berandu iristen banintzan, eskumuturreko erlojuari begiratuz: «ze, Zulaikatarren puntualitatea…»

Markinarako bidean kontatzen zenizkidan azken balentriak golf zelaian. Nola bi zulo bukatzeko faltan bi berdi egin eta bost euroko saria eskuratu zenutela. Joxe Alberdi eta Santos, ezin sinistu, lur jota geratzen ziren bitartean. Golfak bizitza eman zizun eta bizitza luzatu.

Autoa aparkatu bezain pronto Tate kafetegira abiatzen ginen. Bertan kafea hartu eta tapa-tapa frontoira.

Sartu bezain pronto konturatu nintzen frontoia lepo zegoela. Izaten da Markinan frontoira joateko joera haundia halako egun seinalatuan. Aurten bazen arrazoi bat gehiago, herriko semea den Arbe gazteak jokatzen zuen lehenengo partiduan. Bizkarzain moduan Irastortza zeramalarik. Kontrarioak ere ez ziren nolanahikoak, Erkiaga, Miamin jokatzen duena eta Urtasun, azken honek Danian aritzen da Jonekin batera. Beraz, ikusmina ez zen falta.

Seiko kuadroaren inguruan eseritzea gustatzen zitzaizun, aurrelariaren parean. Berandu iritsi nintzenez nekez aurki nezakeen leku librerik, denbora dezente pasatu nuen zutik partidua ikusten. Bazen han jende ezaguna, pelotan ibilitako franko. Harritzekoa bada ere, Goiogana ez nuen ikusi. Baxkardotarrak, Fernando eta Luis, han ziren. Haiek ere, nekez huts egiten dute Markinaraino joan gabe Karmengo egunean.

Bigarren partidua ere oso ona zen, paperean behintzat. Osa eta Hernández; Hormaetxea eta Lopezen aurka. Bai, Osa propio esan dizut, zuk hala deitzen zeniolako. Goikoetxea, Osa zen. Zenbat bider kontatu zenidan Iñaki (Osa) mutilkozkorretan errematatzaile peto- petoa zela. Asko estimatzen zenituen Osatarrak, Iñaki, Luis eta… beste bat ere badela tartean usten det.

Korredore eta guzti izan genuen. Aspaldiko partez. Bai, Berasaluze, Mikel. Garai batean eskuzko pelotari oso ona izandakoa, gogoratuko zera. Anquetil deitzen zioten goitizenez. Gurekin Tampan ibilitako Pablo » Txirrita» haren osaba. Bai gizona. Gizarajoak ez zuen asko korritu baino gutxienez aukera eman zuen apustua egin nahi izan zutenei. Ez da gutxi; izan ere, hegazti batzuen moduan esan liteke artekariak ere desagertzeko zorian direla punta eta palan. Erremontean oraindik segitzen dute. Ez garai batean bezela, jakina. Eskuzkoek eusten diote oraindik, batek daki noiz arte.

Arbek ondo jokatzen du. Txikia bezain bizia da. Jonen kontra ere jokatu izan zuenean pizkorra zen. Sake errestoan bereak eta bi botatzen duen horietakoa. Beneno hutsa. Bai nahasketa arraroa. Oraindik amateur kategorian da Arbe eta Erkiaga bezelako izar baten aurka jartzen diote. Zeren eta, zenbat aurrelari daude Aritz baino hobeak gaur egun? Jakina, Irastortza zuen gibelean Markinar gazteak. Lekeitiarrak ez zuen edozein atzean, eskarmentu haundiko Manex baizik. Urtasun palista izandako haren semea, Danian jokatzen ari dena Jonekin.

Frantsesak normalean galtzen ez dituenak huts egiten ikusita, pentsatu nuen airean galduko zutela; bai zera, partidu gehiena atzetik joan ondoren, 30era heldu ziren Arbe eta Irastortza.

Alde batera utzita emaitza, deigarria egin zitzaidan; alde baterik, Erkiagak jokatzen duen patxadaz. Ez du bitan pentsatzen. Kostadilloa ateratzen du metralleta baten moduan. Erraz, zorrotz eta tximista bezain pizkor jaurtitzen ditu kostadilloak. Bestaldetik, mutil horrek duen errebotea: apartekoa. Gerria nola sartzen duen. Goikaldeko anguloa nola bilatzen duen. Ba ote bera baino postura horretan puntista trebeagorik gaur egun. Horra hor nire galdera.

Giro aparta pilotalekuan. Bero sapa, hori bai. Esaten den moduan, gustuko aldapan nekerik ez.
Denok desiatzen noiz hasiko estelarra. Hasi baino minutu gutxi batzuk lehenago Berasaluze abiatu zen bere lekura. Orduan jabetu nintzen bagenuela korredore, bakarra izan arren. Une berean, kantxarako bidea hartu zuen zuk hain ondo ezagutu zenuen Bolibarko Txikito. Bertako pelota eskolako mutil batzuk atzetik segika. arkoa egin zieten parte hartzen zuten pelotariei. Txikitok txanpona jaurti zuen leon-kastillo, sakea zeinentzat izango zelakoan. Itxura ona du Bolibarkoak. Badakizu, denoi gertatzen zaigun bezela, igertzen zaizkigu urteen zama. Han kantxan ikusita zeinek esan horrenbeste jokatu zuenikan.

Dirua gorri atera zen. 100-80ra hasi bezain pronto. Nonbait apustulariek gogoan izango zuten aurreko ostiralean Gernikan gertatutakoa. Osak Hernandezekin irabazi zietela Diego eta Lopezi. Itxura batean Hormaetxea Diego baino joko maila bajuxuagoa izaki, garbi zuten partidua gorri izango zelakoan. Baita hanka sartu.

Ez pentsa. 25.en tantua arte gorrik joan ziren aurretik, gorriak pasaeraziz urdinei. Baino Lopezen nagusitasuna bapatean ez, desgastea eginez, nola sagarrak arbolatik erori ziren Osa eta Hernández. Erraz jokatzen du Zumaiako kankailuak. Imanol ere ondo ezagutu zenuen, txikitatik. Ikusiko bazenu zer nolako patxadaz jokatzen duen. Txurruka etortzen zait gogora, ez dotoreziaz, zeren eta mutrikuarra bezelako pilotari eleganterik nik ez det ezagutu. Bestela, Lopezk dituen gaitasunak harrigarriak dira, bi eskuekin. Behin baino aipatu izan det, garai hontan ez, duela 40 urte jokatu izan bazun, orduko maila ikusirik, lehiakortasuna bestaldetik, ikusi egin behar noraino helduko zen «Mariskala». «Sultanaren» pare, gutxienez bai.

Hormaetxeak ondo lagundu zion. Atleta hutsa da bermiotarra, a zer nolako planta kantxan. Jokatzen ikusi eta pentsarazten dizu, zer gehio egin behar onena izateko?
Dena dela, halakoetan Baxkardok, Luisek, esaten duena gogoan hartu behar. Alegia, pilotaria abantailak ematen ikusi behar dela, edo atzetik dijoanean. Larri eta estu dabilenean. López gidari lanetan ari dela, edozeinekin joka dezake, hori ere bai.

Osa ondo ibili zen. Beharbada parte gehiago hartu izan behar zuela, baliteke. Tanto ederrazkoak egin zituen Iñakik, badakizu zer gozamena den ikustea ematen dituen zartakoak. Eskubiz erreboteatzen ikusteko merezi du Markinaraino joatea. Bai, jendeak gozatu zuen.Begibistakoa da zaleek goi mailako pelotariak ikusteko desiatzen daudela.

Estelarra ikusi nuen Arratibel, «Mortel» alboan nuela. Begirale fina. Zeinek esan honen gorputza ikusirik horrenbeste jokatu zuenik.

Jaialdia bukatzeko, autoa hartu eta etxerantz. Ezin dezu imajinatu zenbat somatu nuen zu ez egotea. Halakoetan, Zarautzara heldu bitartean sekulako errepasoa ematen genion ikusitako partiduei. Bai, zu bezainbesteko pilotan aditua gutxi ezagutu ditut, kontuan hartuta ez zinela pelotaria izan.

Jaso ezazu eman ez nizun besarkada maitekorra zauden lekuan.

Bi zumaiar aritu ziren
Elkarren aurka
Bata Imanol López
Bestea Iñaki Osa
Atzelaria fenomenua
Aurrelaria aparta
Zumaian sortuak biak
Zutzat herri kuttuna

 

 

Deja un comentario